Mozorroak soinera eta herritarrak kalera
Inauteriak ospatzen hasiak dira Busturialdeko herritarrak. Hurrengo egunotan, jaia, kolorea, ospakizuna, gastronomia eta, batez ere, mozorroak gailenduko dira eskualdeko udalerrietan. [Herriz herriko egitarauei buruzko informazioa]
Negu sasoiko egun grisak kolorez janzteko aldia ailegatu da. Busturialdeko herritarrak mozorroak prestatzen ibili ondoren, prest daude horiek jantzi eta kaleei nahiz auzoei kolorea emateko. Han eta hemen, kalejirak, txapelketak edota bestelako ekimenak egingo dituzte hainbat eta hainbat udalerritan. Jai giroa nagusi izango da, eta denetariko egitarauak edukiko dituzte eskuragarri.
Gernika-Lumon zein Bermeon, astebete inguruz gozatu ahalko dute herritarrek inauterietako ospakizunez. Gernika-lumotarrek atzo [otsailak 8] hasi zituzten jaiak Eguen Zuriagaz eta egun horri dagokion Gozoki Bideagaz. Gainera, hurrengo martitzenera arte ez dute erantziko ospakizun soinekoa; herriko umeak gozotegi batetik bestera ibili ziren, Eguen Zuri, Eguen Beltz doinupean. Trikiti doinuez lagunduta, aldarte ederrean egin zuten eske ibilbidea. Bermeotarrek ere atzo ekin zioten jaiari, eta hilaren 18ra bitartean ez dute etenik edukiko. Besteren artean, KIEB erraldoi konpartsak, Txosna Batzordeak eta Alkartasuna Dantza Taldeak elkarlanean atondutako kalejiran bilduko dira Bermeon bihar [otsailak 10], eta martitzenean XXI. Tabernen Mozorro Txapelketan. Gernika-Lumon, Busturialdeko gaiteroen emanaldia, Lilibertsoren inauterietako bertso poteoa zein marroen aurreskua izango dira datozen egunotan.
Herri askotan Lantzeko inauterietan oinarritutako kalejirak eta egitasmoak egingo dituzte, besteak beste, Bermeon, Gernika-Lumon eta Gautegiz Arteagan. Azken udalerri horretan, hain zuzen ere, Artie Dantza Taldeak Euskal Herriko inauterietarako dantza ikastaroa antolatu du urtarrilean eta otsailean zehar, eta, lau barikuz, arteagarrek aratusteetako dantza mota pila bat ikasteko aukera paregabea eduki dute: Lantzeko jota, Bolant dantza, Marmut, Bralea, Gabota edota Dantza luze. Arratzun, diskofestan batuko dira herritarrak, astelehenean [otsailak 12], Xaibor DJarenean; aratusteak aho zapore gozoagaz borobiltzeko, iluntzean txokolate jana egingo dute. Txokolatea dastatuz ospatuko dituzte aratusteak Ean ere, eta bertan, gainera, Katapuntxispun Festa ere egingo dute.
Busturian, dantza saio hirukoitza egingo dute: San Kristobalen, Altamiran eta Axpen
Hainbat zaporetako jaiak.
Txokolate janaldiak eta, batez ere, tostadak izango dira inauterietako oturuntza mahaietan gehien agertuko diren jakiak. Izan ere, tostada lehiaketa herrikoiak egingo dituzte toki ugaritan, denetariko eragileek antolatuta. Busturian, dantzari plaza hirukoitza eskainiko diote. Irrintzi Alai dantza taldeko partaideek udalerriko hiru eremu nagusienetan dantza emanaldia egingo dute, etzi: San Kristobalen hasiko dira, eta ondoren Altamirara eta Axpera joko dute.
Handik kilometro gutxira, Mundakan, Atorrek eta Laminek kaleak hartuko dituzte aratuste domekan, kalerik kale eta txokorik txoko aritzeko, usadioari jarraituz. Hori orduko, baina, herriko umeek urteroko danborrada egingo dute bihar arratsaldean, jai guztiak girotuko dituzten herriko txistulariekin batera. Muxikako Gorozikan, umeei plaza polita eskainiko diete: pertsonaia mitologikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera edukiko dute gaztetxoenek.