Kamera bidez kontrolatuko dute Mundakako herriguneko autobus zerbitzua
Bilbo-Bermeo ibilbidedun autobusen iragatea kontrolatzeko sistema "zaharkitua" zegoela azaldu dute Mundakako Udaletik, eta kamera sistema berriak ordezkatu duela.
Mundakako Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, autobus zerbitzua “normaltasun osoz” berrezarri dute. Duela hilabete pare batetik, Bilbotik Bermeorako zentzuan zihoazen autobusak ezin izan dira herrigune barrura sartu eta, horren ordez, zeharbidetik egin behar izan dute beren ibilbidea. Neurri horren arrazoia argi eta garbi utzi du Mundakako alkate Sorne Rubio Aranok: “Autobusek herrigunea zeharkatzea kudeatzen zuen sistema zaharkitua zegoen eta, gainera, ez genuen topatu hura eraberritzeko edo konpontzeko modurik. Horrenbestez, erregulatze hori egiteko beste bide baten bila hasi ginen”.
Alkateak aipatutako beste bide hori kamerak dira. Herrirako sarreran autobusen matrikulak detektatzen eta irakurtzen dituzten kamerak ipini dituzte; modu horretan egingo dituzte horien kontrola eta kudeaketa. Sistema berriagaz, hortaz, Bilbo-Bermeo eta Bermeo-Bilbo ibilbideak egiten dituzten autobus denak Goiko Kaletik pasatu daitezke, eta ez, ostera, zeharbidetik. Hain zuzen ere, Rubiok mundakar guztiei “eskerrik beroenak” eman dizkie: “Zeharbidea puntu arriskutsua da, baina traba hori jadanik konponduta dago. Herritarrek pazientzia handia eduki dute konponketok egin ditugun aldian, eta, alde horretatik, asko eskertzen diegu erakutsi duten lankidetzarako borondatea”.