Zikoinak itzuli dira Urdaibaira
Kortezubi eta Gautegiz Arteagaren arteko mugan dagoen habian lasai antzean ikus daitezeke zikoinak, eta Kortezubiko bikoteaz aparte, habia bat dago Foruan, eta beste bat, Gernikan.
Bueltan etorri dira Zikoinak Urdaibaira. Izan ere, Kortezubi eta Gautegiz Arteagaren arteko mugan dagoen habian lasai antzean ikus daitezke horiek. Arrak negua Urdaibain bakarrik igaro zuen arren, urtarrilaren amaieran migraziotik itzulitako bikotekideagaz egin zuen topo berriro. Urdaibai Bird Centerrekoen arabera, auzokideak “pozik” daude bikotea berriz elkartuta ikusteaz, eta horiek Maurizio eta Filomena izenekin baitaiatu dituzte bi zikoinak. Iaz, hiru txita “arrakastaz hazi” zituzten, eta aurtengorako ere berdina espero dute. Kortezubiko bikoteaz aparte, habia bat dago Foruan, eta beste bat, Gernikan.
Zikoina ugaltzaileak 2003 eta 2008 artean Urdaibai Fundazioak zikoina berreskuratzeko martxan jarritako programaren ondorioz etorri ziren. Proiektu horrek zikoina zuria berreskuratzea eta Bizkaiko populazioa indartzea izan zituen helburu nagusitzat. Hori dela eta, 38 zikoina Vallcalenteko (Lleida) Basa-fauna Berreskuratzeko Zentrotik hartu eta Urdaibaira eraman zituzten.
Jakinarazi dutenez, zikoina horiek Katalunian askatu beharrean, hainbat arrazoiengatik (habia erortzea, lehen hegaldian noraezean ibiltzea, etab), suspertze zentro horretan egondako zikoina gazteak dohaitzan ematea erabaki zuten, Bizkaiko zikoina populazioa berreskuratzeko. Gero, hegazti horiek bi negutan jarraian zaindu ostean, Urdaibain askatu zituzten. “Gaur gaurkoz, ikus daiteke berreskuratze programa horrek arrakasta izan zuela”, azaldu dute.
Datozen hilabeteetan Urdaibaiko habien eboluzioa jarraituko dutela adierazi dute zentroko ordezkariek.