Urtez urte sortutakoa tentakuluekin amarratuko du Lekuekek
11 edizioak martxoaren 21etik 24ra bitartean girotuko ditu Gernika-Lumoko txokoak. Ziortza Basterretxea artista gernikarrak egin du aurtengo edizioaren kartela, eta Maider Arregik jarri dio testua. Bonoak salgai jarri dituzte.

Hamar urtez Gernika-Lumoko hamaika txoko, kale, taberna zein espazio musikatu dituen jaialdia da Lekuek, eta martxoan ospatuko dute aurtengo 11. edizioa. Hilaren 21etik 24ra arte iraungo du txikitasunean handia den jaialdiak, eta, betiko modura, Gernika-Lumoko hainbat leku musikaz beteko ditu.
Gaur gaurkoz, bi kontzertu baieztatu dituzte: Anari eta Toc. Hala ere, horiek eta beste asko izango dira boluntarioen lanari esker herritarrek sortutako jaialdiaren oinarria.
Jakinarazi dutenez, salgai jarri dituzte Lekuekeko bonoak, formatu fisiko zein digitalean. Beraz, jaialdira bertaratu gura duenak www.gernikakolekuek.com webgunean edota Astran eskuratu ditzake sarrerak.
Zaletasuna oinarri hartuta bultzatzen den musika jaialdia da Lekuek, era parte hartzailean landutakoa, zabala, elkarlanean oinarritzen dena eta autentikoa. Musikazaleen bultzadari esker egiten dute, eta udalerriko bilgune ezberdinen ekarpena ezinbestekoa izaten da hori aurrera eroateko: Astra, Iparragirre Rock Elkartea eta Kult Parnasoa dira Lekueken bultzazaile nagusiak, baina badira jaialdia egiten laguntzen dutenak ere bai, Zine Kluba edota Lizeo Antzokia, kasu.
Sormen handiko adierazpenei eta interes artistikoei lekua egitea da jaialdiaren helburua, eta aurtengoan ere asmo horri eutsiko diote, tentakuluz tentakulu. Izan ere, hamar urtetan lortutakoari “bentosa likatsuz” osatutako tentakuluekin eutsiko diote, Ziortza Basterretxea artista gernikarrak sortutako aurtengo irudiari helduz. Urtero artista ezberdin batek diseinatzen du kartela, eta, aurten, Basterretxearen txanda izan da.
Maider Arregik jarri dio testua jaialdiaren aurkezpenari, eta, “hamar hatzez eta bentosa likatsuz” sortutako leku horri amarratzeko deia egin du, baita musika autogestionatuz makroenpresen aurpegira tu egiteko ere: “Bota purpurinazko tinta gizonentzat egindako fokuei”.
Kultura diru bihurtu duten horiek amorratzeko dio Arregik, hiru bihotzez eta odol berdez: “Amorratza izan: nerbio sistema konplexua daukan, zelula zelebralak hanketan dituen, memoria daukan, eta kolorez eta formaz mudatzen den eskeleto bako animalia haserretua izan”.
Udalerriko elkargune ezberdinetan sormen artistiko ezberdinek hartuko dute protagonismoa, eta antolatzaileek esan dutenez, apurka-apurka jakinaraziko dute aurtengo egitaraua; hala ere, ez dira faltako kontzertuak, hitzaldiak edota ikus-entzunezkoak.
Testua: Maider Arregi.