Etxekoen aurrean indartsu
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 57-7 irabazi zion, zapatuan [otsailak 3], Uribealdeari, Urbietan, A Multzoko bigarren jardunaldiko partiduan. Datorren domekan [otsailak 11], 12:00etan, Gaztedi taldea hartuko dute etxean.

Hernani CREren kontrakoan itxura eskasa eta joko nahasia erakutsi ostean, Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak buelta eman dio Gipuzkoan bistaratutako irudiari, eta garaipen argi eta garbia poltsikoratu zuen joan den zapatuan [otsailak 3], Urbietako jarraitzaileen aurrean. Uribealdea taldea hartu zuten etxean, eta 57-7ko markagailu boteretsuagaz aurre egin zioten, Ohorezko B Mailako A Multzoko bigarren jardunaldian.
Partiduaren lehen unetik, basurdeek akatsik gabeko jokoa, antolatua eta serioa, jokatu beharko zutela ikusi zuten. Uribealdea ustez maila apalagoko taldea da baina, edozelan ere, liga erregularreko partiduan ikusi zuten euren estilo oldarkorra eta anarkikoa edozein talde arazoetan sartzeko bezainbestekoa zela. Hori dela eta, uneoro “joko sistema zurrun aplikatuz” aritu zirela azaldu du taldeko entrenatzaile Gorka Argulek: “Fase estatikoetan ez genuen barkatu, eta zelaigunean ondo mugitu ginen”. Helburua bai ala bai irabaztea izanik, Gernika RTk betetzat eman du aste honetakoa. Lehen zatiaren amaieratik basurdeen nagusitasuna begibistakoa izan zen, 33-0ekoagaz joan baitziren aldageletara.
Gorka Argul: “Uribealdearen kontrakoak jokalari batzuek kalitatezko lehia minutuak edukitzeko balio izan zuen, eta Hernaniko esperientzia txarra atzean uzteko”
Bigarren zatiko azkenengo minutuetan, partidua esku-eskura zegoela ikusita, zenbait aldaketa egin zituzten, eta Uribealdeak zenbait puntu lortu zituen. Gernika RTk partiduaren “balorazio positiboa” egin du: “Jokalari batzuek kalitatezko lehia minutuak edukitzeko balio izan zuen, eta Hernaniko esperientzia txarra atzean uzteko. 57-7ko garaipena emaitza polita da taldekideontzat”. Asteburua joan da, eta datorrenari begira daude jadanik basurdeak. Gaztedi taldea hartuko dute datorren domekan [otsailak 11], 12:00etan, Urbietan. Uribealdearen kontra egindako jokoa “errepikatzea” eta berriro “irabazteko borrokan” aritzea bilatuko dute asteburuan.
“Errugbi goiz ederra”.
Gaztedi, Argulen ustez, “pare-pareko taldea” da. “Etxeko jokalariak dira taldearen oinarria; urte pila bat daramate harrobikoekin jokatzen. Oro har, albo sakeak dominatu ohi dituzte, baita zabalera handiko jokaldiak egin ere; talde borrokalaria da, eta ez da inondik inora gutxietsi behar. Guk, geure aldetik, fase estatikoetan sendotasuna erakutsi beharko dugu eta, horretan oinarrituta, gehien interesatzen zaigun jokoa egin. Lehen minututik, ezin diegu arnasarik hartzen utzi”, azaldu du. Hernaniren kontrakoa alboratuta, Gernika RT Ohorezko B Mailako A Multzoan “txukun” dabilela uste du entrenatzaileak: “Hurrengo urterako lanak aurreratzen ari gara, trantsizio denboraldia baita. Datorren denboraldia bete-betean abiatzeko, hau modurik sendoenean eta ahalik eta akats gutxien eginez burutu behar dugu”. Nagusiek orduko, 18 urtez azpikoen taldeak jokatuko du Urbietan eta, horrenbestez, “errugbi goiz ederra” izango dela aurreratu du Argulek.