Itzuleraren sokari tiraka
Urte bi lehiaketatik kanpo egin ostean, Murueta Sokatira Taldea bueltan da: tiratzaile gaztez hornituta, klubik onenen aurka aritu dira, eta aurtengo progresioari eusteko prest daude.

Sokatiraren zaletuak pozarren egoteko moduan daude: urte bi inguruko geldialdiaren ondoren, Murueta Sokatira Taldea lehiara bueltatu da, lantaldearen zati bat “gaztetuta”. Euskadiko Goma Gaineko Txapelketa lehiatu dute bai 600 kiloko, bai 640 kiloko kategorietan eta, emaitzak lagun eduki ez dituzten arren, itzulera urtearen balorazio «oso positiboa» egin dute eskualdeko sokatira taldeko kideek.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Taldearen azken urteotako bilakaera bertatik bertara bizi duen partaideetako bat Jon Loizaga da. Pozik dago, itzulerak daukan esanguragatik. “Hiru tiratzaile gazte taldera sartzeak ilusioak biziberritu dizkigu. Horixe da kirol honek behar duena: belaunaldi txandapasa eta jarraipena”. Lehen urteak beregain dituen zailtasunak zailtasun, “behetik gora” egin du Murueta STk. “Argi genuen lehen saioetan sufritzea tokatuko zitzaigula, baina denboraldiak aurrera egin ahala, onenekiko aldeak murrizten zihoazela ikusi dugu, eta horrek gogor entrenatzen segitzeko grina eman digu”.
Jon Loizaga: 600 kilokoan, tiraldiak luzatu egiten dira; asko dute fisikotik
600 kilokoa “ilusioz” hartuagatik ere, hasieratik argi eduki dute maila horretako finalera sailkatzea “benetan zaila” izango zela: “600ekoan, tiraldiak luzatu egiten dira; asko dute fisikotik. Talde hasiberria izanik, ez da kategoria makala. Lehen jardunaldian, beraz, pila bat sufritu genuen talderik potoloenen kontra, baina bigarrenean sentsazio hobeak eduki genituen”.
Pisu horretan, Beti Gazte taldea izan da nagusi. Batez besteko maila “izugarri handia” egon den arren, talde nafarrak ez die gainontzeko klubei inongo aukerarik utzi, eta denboraldia uzta bikaina jasota borobildu dute. Beti Gazteren nagusitasun nabarmenaz harago, Loizagak azaldu du urtean “berdintasun esanguratsua” sumatu duela: “Beharbada, gurea ez da taldeen maila neurtzeko termometrorik eraginkorrena, baina, egia esan, gainontzeko taldeen artean parekotasuna igarri dugu: Ñapurrak taldeak denboraldi oso erregularra egin du; Zuraidek bere lantaldearen sakontasuna agerian utzi du; Ibarrak, beste horrenbeste; Abadiñok behar handia egin du tiratzaile gazteekin; Berriozar edota Amaiur ere goi mailan lehiatzen aritu dira”.
“Elizondoko 640 kiloko saioa bereziki gogorra izan zen, zortzi kideok batera tiraka egin genuen lehenengo aldia izan baitzen”
640 kiloko Euskadiko Txapelketari dagokionez, lehendabiziko jardunaldia Nafarroan lehiatu zuten, Elizondon, baina bigarrena “etxetik oso hurre” izan zen: Busturian. Finala, ostera, Donezteben erabaki zen. Estreinako jardunaldia “bereziki gogorra” izan zen muruetarrentzat: “Zortzi kideok batera tiraka egin genuen lehenengo aldia izan zen Elizondokoa eta, horrenbestez, gogotik sufritzea tokatu zitzaigun. Busturian, baina, sentsazio hobeak eduki genituen: ondo ulertu genuen elkar, eta une batean Ibarragaz lehia betean murgilduta egon ginen, finalera sartzeko aukerekin. Azkenean, ez genuen jomuga hura lortu, baina agerian geratu zen taldeak hoberanzko joera zuela, eta horrek motibazio itzela eman zigun taldekideoi”.
Etortzeko dagoenari begira.
Murueta Sokatira Taldeak, gaur-gaurkoz, ez du txapelketetan aurrera egiteko modurik. Edozelan ere, Loizagak argitu du hori ez zela denboraldi hasierako helburuetako bat: “Garrantzitsuena pixkanaka-pixkanaka talde dinamikak berreskuratzen joatea zen, eta hori lortu dugulakoan nago. Lehiaketetako emaitzak, beti motibazio iturria izanik ere, ez genituen jotzen nahitaezko helmugatzat”.
“Gazteek eskarmentua hartzen segitzea oso garrantzitsua da; izan ere, talde gehienek tiratzaile oso beteranoak dituzte, ibilbide luzekoak, eta gazteenek normalean lanak edukitzen dituzte beraiei aurre egin ahal izateko”
Lehiatik kanpo, hurrengo denboraldia ahal bezain hoberen prestatzen hasita daude. Lehenengo eta behin, datorren urteko taldea osatu beharko dutela nabarmendu du tiratzaileak, eta gero ekingo diotela lanari. Zentzu horretan, aurtengo denboraldian lantaldean sartutako hiru kide gazteek euren progresioagaz aurrera egitea bilatuko du talde muruetarrak: “Eskarmentua hartzen segitzea oso garrantzitsua da; izan ere, talde gehienek tiratzaile oso beteranoak dituzte, ibilbide luzekoak, eta gazteenek normalean lanak edukitzen dituzte beraiei aurre egin ahal izateko”.

Argazkia: Xabier Eizagirre Ucin.
Muruetan gimnasioa berritu eta egokitu dute, eta baliabide hori hurrengo urteari begira “giltzarrietako bat” izan daitekeela uste dute taldekideek. “Prestakuntza fisikoa ganora handiz egin gura dugu, xehetasunak ahal den beste jagon nahi ditugu, eta txapelketak fisikoki puntu onean lehiatu. Alde horretatik, gimnasioan behar handia egitea dagokigu”. Horrez gain, Sustabiz Fundazioagaz berbetan ari dira, elkarlana helburu. Fundazioak azken aldian herri kirolen sustapenaren eta gazteen parte hartzearen alde “lan oso azpimarragarria” egin duela adierazi du Loizagak eta Murueta Sokatira Taldeak egiteko horretan konplize izan nahi duela: “Sokatira ahal den beste zabaldu gura dugu; kirol ederra da, eta jende askok oraindik ez du ezagutzen. Hortaz, gustatuko litzaiguke Sustabiz Fundazioagaz eta herri eragileekin elkarlanean aritzea eta, esate baterako, erakustaldiak egitea. Sokatira, herri kirola izanik, herriari hurreratu behar zaio”.