Itzalen arteko argien bilduma
Rock indartsua da Ziraun taldearen ‘Argitik’ izeneko lehen EPko protagonista. Kutsu iluneko sei kantu aurkeztu dituzte, iluntasunean argia aurkitu daitekeela irudikatuz.

Itzala eta argia elkarri kontrajarrita ulertzen dira askotan, itzalak iluntasuna baitakar, eta argiak argitasuna. Hala ere, argirik barik ez dago itzalik, eta metafora hori oinarri hartuta, iluntasun horretan positibotasuna ere aurkitu daitekeela erakutsi gura izan dute Nerea Rutek (ahotsa), Ibon Bilbaok (gitarra), Asier Moralesek (gitarra), Mikel Condek (baxua) eta Pello Arriolak (gitarra). Zuri-beltzean aurkeztu dute EP berria, baina argirik falta ez zaion lana da Argitik.
Argiaren eta iluntasunaren arteko kontraesanekin osatu dute lehen EPa Ziraun taldekoek. Proiektu berri, ezberdin, fresko eta indartsua sortzeko asmoz batu zen boskote gernikarra 2022an, eta taldeari forma eman zioten orduan. Rock iluna melodia itsaskorrekin elkartuz eta euskarazko kantuak sortuz aritu dira ordutik, iazko urtarrilean lehenengo kantua kaleratu zuten arte: Bizitza Baten Zirriborroa. Taldearen aurkezpen kantua bilakatu zen hori, baina bidea egiten jarraitu zuten, eta sei kantuz osatutako lana kaleratu zuten abenduan. «Proiektu berri baten ideia hau Bizitza Baten Zirriborroa kantuagaz hasi genuen, eta honi jarraipen bat eman gura izan diogu, doinu gogorragoekin edo zuzenagoekin. Gura genuen jendeak jakitea zein den gure soinua, abaniko zabalago bat edukitzea, alegia, entzuleek gure soinua identifikatzea», adierazi du Bilbao taldeko gitarristak.
Izan ere, musika talde baten lehen doinuek taldearen nondik norakoa erakutsi ohi dute, nahiz eta gero estilo aldaketak egon ohi diren. «Bidea ibili ahala aurkitu dugu», adierazi dute taldekideek. Bizitza Baten Zirriborroa-gaz hasi zuten bidea, eta sei abesti dituzte dagoeneko.
Taldekideek onartu dute «ideia asko» eduki dituztela eta oraindik ere badauzkatela, baina gehien gustatzen zitzaizkien kantuak grabatzearen alde egin dutela: «Beste batzuetan zortzi ideia izan eta zortzirak grabatu ditugu baina, oraingoan, gustuko ideia gehiago eduki ditugun arren, batzuk bakarrik aukeratu ditugu. Kantu guztiekin gustura geratu gura genuen eta, gainera, ez genuen itxaronaldi luzea sortu nahi izan lehenengo kantua kaleratu eta EPa aurkeztu bitartean». Ze, diotenez, disko bat grabatzeak «lan handia» suposatzen du, eta ez zuten horrenbesteko denbora hartzeko aukerarik. «Ahalik eta arinen jendeak gure kantuak entzun ahal izatea gura genuen, izan ere, kontzertuak eskaintzen aritu gara, eta bertsioak aurkeztu ditugu. Baina orain jende gehiagorengana heldu gura dugu, eta kontzertu bila gabiltzanean jendeari lan bat erakutsi gura diogu», aitortu du Conde baxu jotzaileak.

Argazkia: Ziraun
Hala, sei kantutan musika estilo bera jarraitu dute, baina abesti bakoitzak ukitu propioak ditu: soinu rockeroak ahots melodiko indartsu batekin uztartu dituzte. «Kantu desberdinak batzen dituen lana da Argitik, baina antzeko estiloa jarraitzen dute abesti denek. Badaude zuzenagoak, pisutsuagoak edo poperoagoak», azpimarratu dute.
Desertatu izango litzateke, taldekideen berbetan, kanturik «pisutsuenetakoa edo ilunenenetakoa». Landare beltza eta Bizitza Baten Zirriborroa sailkatu dituzte «zuzen» modura, eta Hitzak baino ez kantuak erritmo biziagoa duela esan dute, «itsaskorrena izan daitekeela» azpimarratuz. Berandu zatoz, berriz, poperoena da euren ustetan.
Landare Beltza singleak dio itzalak asko daukala argitik, eta ildo horri jarraitu diote kantuen letrek ere: «Gure kantuek alde ilun bat jorratzen dute, negatiboa, pesimista, baina aldi berean, positiboa ere bai. Nahi izan dugu itzalen artean argiak ere aurki daitezkeela erakutsi, itzala dagoen lekuan argia ere egon badagoelako». Hala, Bilbaok eta Condek adierazi dute «egunerokotasunean ageri diren egoera ezberdinei» buruzko hausnarketa ezberdinak jasotzen dituztela Mikel Retolaza busturiarrak eta Koldo Gezuraga gernikarrak egindako abestiek; Hotz hotz kantuak, berriz, Asier Zabala gernikarraren letra dauka.
Kolaboratzaileak
Letragile horiez gain, kolaboratzaileak ere izan ditu Ziraun taldeak: Liher taldeko Lide Hernandoren edota Moonshine Wagon taldeko Lander Lourido musikari ondarrutarraren lankidetzak eduki dituzte; Landare beltza grabatu dute lehenengoagaz, eta
Desertatu, bigarrenagaz. «Liherren estiloko musika jotzen dugu guk, rocka lantzen dugu, eta neska baten ahotsa nabarmentzen da bi taldeetan», diote Ziraunekoak. Moonshine Wagonekoekin harreman «ona» ere badaukatela adierazi dute.
Gainera, horrelako kolaborazioak egitea «oso aberatsa» da taldearentzat: «Horrelako musikari esperimentatuekin eta horrelako mailakoekin gure musika lantzea sekulakoa da. Gure musika zabaltzeko aukera bat ematen digu». Condek dio ez dutela «lan monotonoa» egin, baina kolaborazio horiek «aire freskoa» ematen diotela lanari.
Abuztu amaieran hasi ziren EPa grabatzen: «Demoak egin genituen lehenengo, eta gero hasi ginen grabatzen, Bizitza Baten Zirriborroa grabatu genuen leku berean, Jon Urriolabeitia gernikarraren (KortuRec estudioa) gidaritzapean». Gero, masterizazioa Katalunian egin dute, Ultramarinosen, «soinu garbiagoa eta kalitate hobekoa lortzeko».
Lide Hernando eta Lander Louridoren kolaborazioak jaso dituzte lehen lanean
Pare bat hilabete iraun zuen Ziraunekoen grabazio prozesuak, taldekide bakoitza toki desberdinean bizi delako. Hain zuzen ere, sortze prozesua ere egoera horretara egokitu behar izaten dute: «Normalena riff batetik abiatzen gara kantuak sortzeko.
Grabatutako hori edozeinek eramaten du entsegu lokalera, eta hortik apurka-apurka joaten gara abestiak eraikitzen, kantuaren estruktura betetzen. Eraikuntza hori desberdina da, aldatzen joaten da kantu bakoitzean, baina, ohikoena, gure kasuan, gitarretatik abiatzea da. Inoiz ez dugu kantu bat melodia batetik eraiki, nahiz eta aukera hori alde batera utzi ez».
Bost dira taldekideak, eta bost dira elkarri laguntzen dioten musikariak, baina bakoitzak erreferente propioak ditu, gustu musikal ezberdinak; hala ere, «erraz» heltzen dira adostasunera. «Batzuek rock and rolla dute gustuko, beste batzuek musika alternatiboa edo poperoa. Bakoitzak bere estilora jotzen du. Gustu eta erreferente asko ditugu, baina ez dugu arazorik izaten ados jartzeko», dio Bilbaok. «Nahikoa erraz» moldatzen dira, eta denei gustatzen zaie egiten dutena: «Hori da garrantzitsuena. Denok batzen gaitu gure musikak, eta hori oso positiboa da».

Argazkia: Peio Capdevile.
Kontzertu batzuk eman dituzte, eta beste emanaldi batzuk dituzte zehaztuta dagoeneko: «Bagabiltza kontzertuak eskaintzen. Pozik gaude. Gaur Lazkaon ariko gara, eta Oñatira ere joango gara». Iaz, esaterako, kontzertu garrantzitsu batzuk eskaini zituzten, Gernika-Lumoko eta Muxikako jaietan, esaterako. «Kontzertu horietan oso gustura aritu ginen, guretzako oso polita izan zen herrian eta Muxikan jotzea. Horrela hasten dira taldeak aurrera egiten, eta gu oso eskertuta gaude aukera horiekin».
Condek azpimarratu du lehen kantua atera zutenean izandako harrera «oso polita» izan zela, eta diskoaren harrena ere «nahikoa ona» izaten ari dela. Bideoklipa ere grabatu dute, Iñigo Atxa bermeotarraren zuzendaritzapean, eta diskoaren oinarria jaso dute bertan: «Iluntasunetik argira igarotzen gara horretan ere. Oztopoei aurre egin, eta, elkarregaz, gune segurua sortu dugula erakusten baitugu».