Neguko hotzaren aurrean, kantua eta ospakizuna
Kandelario, Blas Deuna eta Agate Deuna jaiak ospatuko dituzte Busturialdeko udalerrietan. Koplen errondak, kalejirak eta bestelako ekimenak ageri dira eskualdeetako egitarauetan.
Tradizioa, ondarea eta herritarren arteko elkarlana uztartzen dituzte Blas Deunaren, Agate Deunaren eta Kandelario jaiek. Urteroko usadioei jarraituz, eske koplak abestuko dituzte han eta hemen baina, horrez gain, denetariko egitasmoz osatutako ospakizun egitarauak egongo dira aukeran.
Bermeoko Demikun, bihartik otsailak 2] domekara [otsailak 4] bitarteko egitaraua egongo da, auzo horretako jaiak izango baitira; besteren artean, Josepa Kale Kaleren musika, ahiezko tostada txapelketa edota mendi martxa egingo dituzte. Gernika-Lumon, Kandelario jaietako kalejira egingo dute bihar [otsailak 2], Elai Alai dantza taldeak, SOMEko ikasleek eta Gaztea Kultur Taldeko kideek girotuta. Agate Deunaren domekako [otsailak 4] kalejiran, berriz, Urdaibai Kantaguneko eta Andra Mari koraleko kideak izango dira kaleak doinuz bustitzeko arduradunak.
Arratzun, eske koplen ibilbidetik ateratako dirua Minbiziaren aurkako elkarteari, Euskadiko P.K.U. elkarteari eta Eritasun Neuromuskularraren elkarteari emango diote dohaintzan. Ibarrangelun ere, domekan egingo dute Agate Deunaren erronda, baina, hori orduko, koplen entsegu saioa egingo dute barikuan [otsailak 2]; 19:00etan elkartuko dira, Kultur Etxean.