Geldialdia orduko, zuzeneko aurkariaren kontrako neurketa
Lointek Gernika Bizkaiak Baxi Ferrol etxean hartuko du barikuan [otsailak 2], 20:00etan, Emakumezkoen Endesa Ligako 20. jardunaldiko partiduan. Talde galiziarra zuzeneko aurkaria da gernika-lumotarrentzat.
Lointek Gernika Bizkaiak Baxi Ferrol taldearen kontra jokatuko du barikuan [otsailak 2], 20:00etan, Emakumezkoen Endesa Ligako 20. jardunaldiko partidua. Selekzioen FIBA geldialdia orduko azkenengo liga partidua izango da Malostekoa. Gainera, esangura berezia edukiko du gernika-lumotarrentzat: Baxi Ferrol zuzeneko aurkaria da play-offei begira.
Malosteko taldetik azaldu dutenaren arabera, selekzioen geldialdira emaitza positiboekin eta sentsazio baikorrekin iristea “oso garrantzitsua” da. Talde gernika-lumotarrarentzat, horrez gain, beharrezko geldialdia izango da, azken asteotan ligako eta EuroCup Women txapelketako norgehiagokak aste berean jokatu behar izan dituztelako; alde fisikotik nahiz psikologikotik taldekideei on egingo diela argitu dute. Ligako lehen itzulian, Gernikak garaipen landua eta estua eskuratu zuen A Malatako kantxan; ñabardura txikiak gako izan ziren neurketa borrokatu hartan. Horrenbestez, aurreikuspen guztiek erakusten dute berdintasuna izango dela partidu honetako gidalerro nagusia. Kutxabank Araskiren kontra Mendizorrotzan euskal derbia jokatu ondoren, Lointekek geldialdia garaipenez heldu behar du. Zentzu horretan, etxeko jarraitzaileen berotasuna eta elkartasuna esanguratsua izango da, taldea hauspotze aldera.
Baxi Ferrol ligako ezustekoetako bat da: Emakumezkoen Challenge Ligatik igotzetik Erregina Kopara sailkatzeraino, talde galiziarrak egundoko bilakaera eduki du
Baxi Ferrol, zerbait izatekotan, ligako ezustekoetako bat: Emakumezkoen Challenge Ligatik igotzetik Erregina Kopara sailkatzeraino, talde galiziarrak egundoko bilakaera eduki du. Gaur-gaurkoz, bederatzi garaipen eta hamar porrot jaso dituzte, eta taulako bederatzigarren postuan sailkaturik daude. Lino Lopezen taldeak joko molde oso bereizgarria du; jokalariek oso barneratuta dituzte komeni zaizkien dinamikak eta modu ia naturalean gauzatzen dituzte. Jokalaririk arriskutsuenei dagokienez, Gala Mestres eta Laura Howar nabarmendu behar dira. Bikote eraginkorra osatzen dute, eta bakoitzak 13 puntutik gora egiten du bataz beste partiduko. Era berean, galiziarren jokalari gazteen aldeko hautu argi eta garbia egiten dute: Claudia Soriano edota Angela Mataix horren erakusle dira. Blokeoetan zeresan handia eduki dezakeen taldea da Ferrolgoa, besteren artean, Marianne Kalin, Anniina Aijanen edota Myah Semmando moduko jokalariak tarteko.
Gauzak horrela, beren aurpegirik lehiakorrena kantxaratu beharko du Lointek Gernikak, maila handiko aurkaria edukiko baitu aurrez aurre. Galiziarren jokoaren automatismoak apurtzen saiatzea eta gehien interesatzen zaien jokoa egin dezaten eragoztea izango dira gernika-lumotarrek egiteko nagusiak. Hori eskuratzeko, errebotearen kontrola bermatu beharko du etxeko taldeak, marea granatearen aurrean sendo agertu asmoz.