Akatsetarako tarterik ez
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Uribealdea taldea hartuko du zapatuan [otsailak 3], 16:00retan, Urbietan.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Uribealdearen kontra jokatuko du zapatuan [otsailak 3], 16:00retan A Multzoko bigarren partidua, Urbietan. Iragan astean Hernani Club Rugby Elkartearen kontra Landare Tokin euskal derbia 59-24ko markagailuagaz galdu ostean, sentsazioak berreskuratzeko norgehiagoka izango da datorren asteburukoa. Elite Multzotik kanpo geratu ondoren, A Multzoan ahalik eta mailarik handiena ematea bilatuko dute basurdeek eta, helburu horren bilaketan, garrantzitsutzat jo dute hurrengo partidua garaipenez borobiltzea.
Historia luzeko kluba da Uribealdea: Mungiako Mungia Rugby taldearen eta Plentziako Kakarraldo klubaren arteko fusiotik sortu zen. Egun, ez da Ohorezko B Mailako talde sendoenetako bat, baina talde gernika-lumotarrekoek sobera dakite arazoak sor ditzakeen kluba dela. Aurten euren kontra garaipena lortu zuten beren zelaigunean, baina gogotik sufritzea egokitu zitzaien, Gernika RTko entrenatzaile Gorka Argulek azaldu duenaren arabera: “Lehen hamabost minutuetan 21 puntu egin genizkien, baina beraien joko kaotikoak eta anarkikoak despitatu egin gintuen, eta lehen zatiaren amaieran estutasuentan sartu gintuzten, azkenean partidua aho zapore onagaz eta ia 60 puntugaz amaitu genuen arren”. Hori horrela, Urbietan, etxeko jarraitzaileen aurrean, “ahalik eta antolatuen” jokatu beharko dutela azpimarratu du Argulek. Lantalde aldetik, Uribealdea eta Gernika RT “pareko taldeak” dira. Biek ala biek harrobiko jokalariz osatutako sarea dute, atzerriko zenbait fitxaketagaz uztartuta.
Garaipenera buelta.
Hernaniren kontrako norgehiagoka “negargarriaren” ostean, berriro garaipenera bueltatzea izango dute helburu eta horretarako joko moldea ere argi eta garbi dute: “Modu ordenatuan, antolatuan eta serioan jokatu beharko dugu, edozein momentutan bere aukerak zukutuko dituen talde lehiakorra baita Uribealdea. Jarrera borrokalaria edukitzea gako izango da, eta jokaldi bakoitza ahal bezainbeste zukutzea. Alde horretatik, min hartuta ditugun jokalarien hutsunea igarriko dugu, baina zelan edo halan aurpegia erakutsi beharko diogu aurkariari”.