Batzarretxera egindako bisita kopurua %40 igo da 2023an
2023an Bizkaiko Batzar Nagusietako barrualdea 63.109 pertsonak bisitatu zuten, eta bisitari horien % 85 Bizkaitik kanpokoa zen.
63.109 bisitari izan zituen iaz Gernika-Lumoko Batzarretxeak, aurreko urtean baino %40 gehiago; hain zuzen ere, 2022an 44.882 pertsonak bisitatu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiak batzen diren eraikina. Horrela zenbatu zuen Bizkaiko Batzarretxeko sarbidean jarritako sarbide kontrolak. Hala ere, kopuru horri Batzarretxeko lorategi gunetik beste barik igarotako milaka turista gehitu behar zaizkie.
Zehaztu dutenez, parlamentuko esparrua ezagutzera hurreratu ziren pertsonen %85 Bizkaitik haratagokoak ziren; hain zuzen ere, 9.907 bisitari izan ziren lurraldekoak. Gernikako Arbolak atseden hartzeun duen lekuak beste lurralde eta autonomia erkidegoetatik etorritako bisitarien arreta jaso zuen berriro –5.320 bertaratu ziren Kataluniatik, eta 5.060 Madrildik–, baina, iaz, atzerritarren kopurua nabarmen hazi zen; batez ere Frantziakoak (4.442), Estatu Batuetakoak (3.776) eta Alemaniakoak (2.889) izan ziren udalerrira hurbildutakoak. Hiru herrialde horietako bisitariek bisita guztien ia %20 izan ziren. Japoniatik 1.116 bisitari bertaratu ziren, 1.027 Italiatik eta 1.017 Greziatik.
Batzarretxetik, baina, bost kontinenteetako pertsonak ibili ziren, eta horiei guztiei, gainera, barrutia modu ofizialean ezagutzeko eskaera aurretik egin zuten talde bereziak gehitu behar zaizkie. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, besteak beste, Frantziako Poitiers herriko ordezkariak eta ikasleak, AEBetako politika, enpresa eta irakaskuntza arloko pertsona ospetsuak, Peruko Gobernuko goi funtzionarioak zein Basque Trade & Investment Bulegoen Nazioarteko Sareko kideak hartu zituen bertan.
Gogoratu dutenez, 2021eko ekainetik, Gernika-Lumoko Batzarretzearen barrualdea bisitatu gura dutenek aldez aurreko erreserba eskatu behar dute webgunearen edo Batzar Nagusietako barrutian bertan instalatutako totemaren bitartez; orduko 35 pertsonako leku mugatua dago, baina sarrera librea da, kosturik gabekoa. Zehaztu dute, Gernikako Arbolaren lorategi guneak sarbide librea izaten jarraitzen duela.