Kultur egutegiaren antolaketan parte hartzeko batzarra deitu du Gautegiz Arteagako Udalak
Udalak herritarrak eta herriko elkarteak bultzatu gura ditu aurtengo kultur programan aktiboki parte hartzera. Bilera parte hartzaile bat antolatu du martitzenerako.
Gautegiz Arteagako Udalak herritarrak eta herriko elkarteak bultzatu gura ditu aurtengo kultur programan aktiboki parte hartzera. Helburu horri jarraituz, bilera parte hartzaile bat antolatu du martitzenerako [urtarrilak 16], 19:00etan, udaletxean.
Izan ere, adierazi dutenez, herriko dinamizazio soziokulturala ildo estrategiko garrantzitsua da udalarentzat, herri nortasuna, gizarte harremanak eta bizikidetza sustatzen dituelako, baita herriko bizitza dinamizatu ere: “Bizi kalitatea indartzen duten balio ez materialak dira horiek”. Ildo horretan, urtarriletik uztailerako programazioa prestatu gura dute, egutegi bat antolatzeko eta herritarrei aurkeztutakoan horien proposamenekin osatzeko.
Gura duten herritarrak, elkarteak eta kultur elkarteak daude gonbidatuta bilerara, eta euren ideiak, beharrak edo ekarpen berriak aurkez ditzakete, kultur programazioa zarratzeko. “Hasieratik argi utzi genuen gobernu talde irekia, gardena eta herritarrengandik gertukoa izateko asmoa”, adierazi du Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak. Udalerri “bizi eta dinamikoa” bihurtzeko lan egingo dutela dio, eta zeregin horretarako bizilagunek “berebiziko garrantzia” daukatela azpimarratu dute.
Udalak jakinarazi du sortzen diren ideia eta jarduera guztiak aztertuko dituela, eta programan sartuko dituela “berritzaileak eta bideragarriak” direnak. Udalaren asmoa da espektatiba guztiak beteko dituen agenda kulturala osatzea, “jarduera interesgarri eta askotarikoekin”.