Bizkaiko Kluben artekoa Bermeon erabakiko da
Artza pilotalekuan jokatuko dituzte bihar [urtarrilak 13] Kluben Arteko Bizkaiko Txapelketako finalak, 10:00etatik aurrera eta doako sarreragaz.
Bermeoko Artza pilotalekuak Kluben Arteko Bizkaiko Txapelketako finalak hartuko ditu bihar [urtarrilak 13], 10:00etatik aurrera. Banakako lau neurketak osatuko dute egitaraua, eta ikusleek doako sarreragaz gozatu ahalko dute norgehiagokez, frontoiaren edukiera bete arte.
Lehen partidua kadete mailakoa izango da. Getxok eta Bidebietak neurtuko dituzte indarrak; Gaizka Zuazok ordezkatuko du lehendabizikoa, eta Julen Carrascok, ostera, bigarrena. Jarraian, gazte mailakoen txanda izango da: Markina-Xemeingo Amets Alvarezek Lagun Onakeko Jon Mandaluniz edukiko du aurrez aurre. Ostean, emakumezkoak kantxaratuko dira Artzan. Arkupe pilota elkarteko Amaia Zarrabeitiak Lagun Artea klubeko Alba Mongeren kontra jokatuko du. Laugarren eta azken partiduan, nagusi mailakoan, Lagun Arteako David Ruizek Upo Mendi taldeko Beñat Garcia izango du arerio.