Eraso matxista bat gaitzetsi du Bermeoko Udalak
Ekintza horiek "onartezinak" direla eta ez dutela lekurik herrian adierazi du Bermeoko Udalak. Ustezko erasotzailea identifikatuta dagoela jakinarazi dute.
Bermeoko Udalak joan den asteburuan herrian gertatutako eraso matxista salatu du, “gaitzespenik sutsuena” adierazita. Ustezko erasotzailea identifikatuta dagoela jakinarazi dute, adierazpen instituzional baten bidez.
Argi adierazi gura dute ekintza horiek “onartezinak” direla eta ez dutela lekurik herrian. Era berean, gertutasuna eta elkartasuna adierazi diete emakumeari zein ingurukoei: “Gure esku dagoen guztian laguntzeko prest gaudela jakinarazten diegu”.
Berriro azpimarratu dute pertsonen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa “eskubide urraezinak” direla, eta salatu dute indarkeria matxista lehen mailako “gizarte arazo” bat dela, estrukturala eta kolektiboa.
Bermeoko Udala konzientea da egoeraren larritasunagaz, eta, horregatik, herritarrei dei egin die bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, baita “inoiz baino erneago egoteko” ere, indarkeria jasaten ari diren emakumeek erakundeen eta gizarte osoaren babesa jaso ahal izateko.
Indarkeria matxista “errotik eta behin betiko” desagerrarazteko lanean jarraituko dutela adierazi dute udal ordezkariek, eta gehitu dute ahaleginak egingo dituztela elkarbizitzan oinarritutako gizarte berdinzale bat lortzeko.