Porrota Valentzian, baina Europa ortzimugan
Celtaren kontra Erregina Koparako txartela eskuratu ostean, Lointek Gernika Bizkaiak Valentziaren kontra galdu du ligan, asteburuan. Eguaztenean [urtarrilak 10] EuroCup Womeneko final zortzirenetako joaneko partidua jokatuko dute.
Lointek Gernika Bizkaiak 72-59 galdu zuen iragan zapatuan [urtarrilak 6] Valentzia Basketen kontra, Fontetan, Emakumezkoen Endesa Ligako 16. jardunaldiko partiduan. Gernika-lumotarrek ligako liderrari uneoro aurpegia erakutsi zioten norgehiagoka osoan zehar, baina hirugarren laurdenean sufritzea tokatu zitzaien. Lehia gogorraren ostean, etxeko taldeak bere ikusleen aurrean garaipena poltsikoratu zuen.
Lucas Fernandezen jokalariek ogibide gaitza eduki zuten Valentzian: aurten Fontetan, Ligako partidu batean, etxeko taldea menpean hartzen duen lehena izatea. Valentziak, gainera, hutsune esanguratsuekin abiatu zuen neurketa: Maria Eraunzetamurgil, Marie Gulich eta Alina Iagupova ez ziren kantxaratu. Edozelan ere, beste behin, maila handian daudela frogatu zuten etxekoek. Lointeki jokoaren zirkulazioa bermatzea kostatu zitzaion, etxekoen lehen lerroko presioa tarteko; horrek hainbat hutsegite eragin zizkieten. 14-7koagaz Gernikak lehendabiziko hutsartea egin zuen.
Stephanie Wattsen bakarkako lana giltzarri izan zen Lointekentzat, baina valentziarrek taldelan hobea sustatu zuten kantxan, euren arteko konexioa aparta dela erakutsiz. Gabby Nikitinaitek markagailuan ihes ez egitea ahalbidetu zuen eta, apurka-apurka, partiduan sartzen joan ziren Malostekoak. Erasoaldietako erreboteetan, baina, asko sufritu zuten: Raquel Carrera, Alba Torrens edota Nadia Fingall gernika-lumotarren amesgaizto izan ziren. Zailtasunak zailtasun, Marie-Michelle Milapiek eta Roso Buchek urrats bat aurrera egin zuten, eta bisitariak markagailuan aurretik ipini zituzten, 25-32koagaz.
Hirugarren laurdena gako izan zen, aldi horretan egiten baititu aldeak Valentziak. Ruben Burgosen jokalariak behingoz aginte makila hartzeko asmo argi eta garbiagaz kantxaratu ziren; Nikitinaite izan zen valentziarren kolpeari eusteko indar gehien erakutsi zuena. Etxeko taldeak bere defentsa maila hauspotu zuen, eta Lointeki, berriro ere, arazoak hazi zitzaizkion. Elena Buenavidaren eta Leticia Romeroren saskiratzeek ez zuten lagundu.
Erasoaldietan nagusi agertuta, valentziarren jokoa defentsa zurruna antolatzean oinarritu zen; gernika-lumotarren jokoari, ostera, nekea plazaratu zitzaion. Lehiaketa egutegiaren intentsitateak bereak egin zituen. Laia Floresen hiruko jaurtiketan arnas apur bat eman arren, etxekoak nagusi ziren. Hirukoetan, hain zuzen ere, maila handia erakutsi zuten Malostekoek, baina ez zen nahikoa izan. Valentzia Basketen lidertzan dagoen taldearen itxura erakutsi zuen beste behin: sendoa, balioanitza eta lehiakorra. 72-59koagaz nagusitu ziren etxekoak.
Lehiak ez du etenik.
Porrota porrot, Lointek hurrengo partiduei nahiz lehiaketei begira dago dagoeneko. Izan ere, hilaren 3an, denboraldiko helburu nagusietako bat lortu zuen Celtaren kontrakoan: Erregina Kopara sailkatzea. Ez hori bakarrik: eguaztenean [urtarrilak 10] EuroCup Women txapelketako final zortzirenetako joaneko norgehiagoka jokatuko dute etxean, Malosten, London Lions taldearen aurka.