Otsailaren 2ra arteko epea dago Gernika Sarietarako hautagaiak aurkezteko
Gernika Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak. Bakea eraikitzeko eta berradiskidetzea bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko eta juridiko, erakunde edo bestelako pertsona edo taldeen aitorpen publikoa egitea dute asmo sariek.
Bakearen eta berradiskidetzearen aldeko Gernika Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak. 2005az geroztik, urtero banatzen dituzte sari horiek Gernika bonbardatu zuteneko urteurren egunean, eta 2024ko sarietarako hautagaitzik aurkezteko epea otsailaren 2an amaituko da.
Bakea eraikitzeko eta berradiskidetzea bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko eta juridiko, erakunde edo bestelako pertsona edo taldeen aitorpen publikoa egitea dute asmo sariek. Bi sarietako batek bakearen alde lan egiten duten pertsona anonimoen eginkizuna saritzen du, eta, besteak, liderrak, pertsona ezagunak edota erakunde garrantzitsuak.
Hautagaitzak Gernika-Lumoko kultur, kirol edota gizarte eragileen bitartez aurkeztu daitezke, baita udal ordezkaritza duen talde politikoren batek bermetuta ere. Pforzheimgo Udalak ere proposamenak egin ahalko ditu. Hala, talde edo elkarte bakoitzak kategoria bakoitzeko hautagai bakarra aurkeztu ahal izango duela zehaztu dute. Horretarako, proposatu nahi den hautagaitzari buruzko merezimendu txostena aurkeztu beharko dute interesatuek.
Hautagai denak kontuan izanda, epaimahaiak erabakiko du saria nori eman. Gernika-Lumoko alkateak, udalbatza osatzen duten hiru kidek, Pforzheimgo alkateak, Gernika Gogoratuz Fundazioaren ordezkariak, Bakearen Museoaren ordezkariak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxeko ordezkarriak osatzen dute epaimahaia.
Urtez urteko lana.
1992an egin zuten Bakearen Saria sortzeko lehen hausnarketa Gernika-Lumoko Udalak eta Gernika Gogoratuz Fundazioak. Beraien asmoa udalerritik Bakearen eta Berraskidetzearen Kulturaren balioak sustatzea izan zen. Ordutik hona, hiribilduak bultzatu duen lanak emaitza argiak izan ditu: Gernika Gogoratuz Bakearean Ikerketa Zentroa sortu zuten, baita Gernikako Bakearen Museoa ere.
Urte hauetan zehar egindako berradiskidetzearen aldeko lana da azpimarratu beharrekoa. Emaitzarik adierazgarriena Roman Herzog Alemaniako RF-ko Presidentearen aitorpena da. “Gernika-Lumoko bonbardaketatik bizirik atera ziren elkukoei, 1997ko apirilaren 27an zuzendutako gutunaren bitartez, Gernika-Lumoko bonbardaketan Alemaniako Kondor Legioaren parte hartzea aitortu eta bostekoa luzatu zien berraskidetze gisa”, azaldu dute arduradunek.
Horrez gain, nazioarteko aitorpena ere jaso dute Gernika Sariek. Izan ere, Unescok Europako eskualdeko Bakearen Hiriak Saria 2002-2003 eman zion 2004ko irailaren 9an.
Iaz, Argentina, Hegoafrika, Ekialdeko Timor eta Kolonbiako Egiaren Batzordeek eta Txernobyl Elkarteak, Txernobyleko Umeak, Txernobylen Lagunak eta Ukraina Gaztea elkarteak jaso dituzte aurtengo Bakearen eta Berraskidetzaren aldeko Gernika Sariak. Gizarte eskubideen alde egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik jaso dituzte sariok.