Olatz Arrizabalaga, Bizkaia Torneoko hirugarren txapelaren bila
Olatz Arrizabalagak eta bere bikote Nora Mendizabalek garaipen eta porrot banagaz hasi dute VI. Bizkaia Torneoa. Domekan [urtarrilak 14], finalerako txartela lortzeko lehiatuko dute.
Urtearen hastapenagaz, Olatz Arrizabalagak hasiera eman dio 2024ko lehiaketa egutegiari. Abenduan gogor entrenatzen aritu ondoren, VI. Bizkaia Torneoa lehiatzen ari da pilotari gernika-lumotarra. Ligaxka itxurako txapelketa da Bilboko Miribilla pilotalekuan jokatzen ari direna. Lau bikotek euren artean neurtu behar dituzte indarrak. Arrizabalagak Nora Mendizabalegaz osatzen du bikotea. Beraiez gain, ondorengoak daude: Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendi, batetik; Leire Garai eta Enara Gaminde, bestetik; horiez gain, Amaia Aldai eta Andrea Capellan.
Olatz Arrizabalaga: “Neure burua erritmo falta apur bategaz igarri dut, abenduan nik baino gehiago jokatu ahal izan duten pilotarien aurka arituta”
Arrizabalagak azken bi ekitaldiak irabazi ditu, (lehenengoa Naroa Agirregaz eta iazkoa Uxue Osesegaz) eta, horrenbestez, aurtengoan gailentzeko hautagaitzan dago. Edozelan ere, aurreratu du txapelketa “oso nekez” abiatu duela, eta emaitzak horren erakusle: Iragan zapatuan, 22-20 irabazi zuten gernika-lumotarrak eta andoaindarrak Ruiz de Infanteren eta Ruiz de Larramendiren kontra. “Partiduko lehen erdian zenbait hutsegite egin genituen, eta nik neuk erritmo falta apur bategaz igarri nuen neure burua; alde horretatik, ni baino sasoikoago helduko diren pilotariak daude lehian, abenduan gehiago jokatu ahal izan dutenak”. Domekan, 14-22 galdu zuten Garairen eta Gaminderen kontra. “Bigarren partidua izanda, apur bat erosoago topatu nintzen erritmo aldetik, baina oraindik ere sumatu nuen alde fisikotik dezente daukadala hobetzeko, batez ere urteak ekarriko dituen helbururik esanguratsuenei begira”.
“Domekakoa hitzordu oso berezia izango da, maila handiko lau pilotari elkartuko baikara kantxan”
Txapelketako hirugarren jardunaldiak erabakiko du finalera nortzuk pasatuko diren. Arrizabalagak eta Mendizabalek aspaldiko arerioak edukiko dituzte aurkari, datorren domekan [urtarrilak 14], 12:00etan hasita. Batetik, egungo pilotaririk sendoena, Master Cup zirkuituaren garaile eta lau t’erdikoa hirutan irabazitako Amaia Aldai. Bestetik, egundoko bermea erakusten duen atzelarietako bat: Andrea Capellan. “Hitzordu oso berezia izango da, maila handiko lau pilotari elkartuko baikara kantxan, eta finalera sailkatzea egongo baita jokoan”.
“Bizkaia Torneoa lehia oso laburra da, eta horrek murriztu egiten du hanksartzeetarako tartea”
Arrizabalagak azaldu duenaren arabera, urteko lehenengo txapelketak “zenbait zailtasun” ditu: “Bizkaia Torneoa lehia oso laburra da, eta horrek murriztu egiten du hankasartzeetarako tartea. Edozelan ere, orain arteko partiduetan behetik gora egiteko gai izan garela frogatu dugu eta, Aldai-Capellan bikotea hautagai seguruagoa izanda ere, edozer gerta daiteke“.
Partiduz jositako urtea.
2024a lehiaketa urtea izango da gernika-lumotarrarentzat. Bizkaia Torneoan erritmoa hartzen ari da, eta sentsazioak alde ditu: “Abenduan entrenamenduak eginda baina atseden hartuta nago; esku aldetik, gainera, osasuntsu. Kluben arteko Euskal Ligara eta Bikotekako Master Cup Txapelketara indartsu eta sasoi puntu onean helduko naiz”.