Italiak 36ko gerran izandako parte hartzeari buruzko liburua aurkeztu du Bakearen Museoak
'Descubirnedo lo silenciado: La participacion italiana en la guerra civil Española' izeneko argitalpena da Bakearen Museoak Granollerseko Udalagaz eta Euromegaz elkarlanean aurkeztu duena.

Italiak Espainiako 36ko gerran izandako parte hartzean sakontzen duen liburua aurkeztu du Gernikako Bakearen Museoak, Granollerseko Udalagaz eta Euromegaz elkarlanean. Iaz Gernika-Lumon egindako lehen topaketatik jaio da Descubirnedo lo silenciado: La participacion italiana en la guerra civil Española izeneko argitalpena. Bakearen Museoaren webgunean doan deskargatu daiteke liburua.
Bilduman ibilbide luzeko historialari eta erakunde ugarik parte hartu dute, eta gaztelaniaz eta italieraz idatzitako artikuluek osatzen dute. Izan ere, 29 hitzaldi jasotzen dira bertan, hainbat lan ildori buruzkoak: testuingurua eta abiapuntua; 36ko gerran italiar parte hartzeari buruzko ikerketa; altxor ezkutuak diren artxiboak; gaiaren tratamendua maila juridikoan; adiskidetze sinbolikoa eta diplomatikoa; edota nola lan egin hezkuntza eta transmisio mailan.
Liburuak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako, Italiako eta Kataluniako memoria erakundeen arteko elkarlanari hasiera ematen dio, eta ondorengo urteetan garatzen jarraituko dutela adierazi dute. Izan ere, zehaztu dutenez, adituek urte asko daramate 36ko gerrari buruzko lan, ikerketa eta hedapen arloak garatzen, baina onartu dute italiarren parte hartzeari buruzko gaia “beti” geratu izan dela “sakontasun handiagoan” jorratzeke.