Goikoetxea eta Lekerika, finalerdietan
Ligaxkako hiru partiduak irabazi dituzte, hiruretan 2-0 gailenduta, eta A multzoko lehenengo postua bermatu dute. Goitiaren eta Basqueren aurkakoan, 15-14 eta 15-5 nagusitu ziren atzo [abenduak 11].

Winter Serieseko finalerdietara sailkatu dira Goikoetxea eta Lekerika. Ligaxkako hiru partiduak irabazi dituzte, hiruretan 2-0 gailenduta, eta A multzoko lehenengo postua bermatu dute. Finalerdietara sailkatutako lehenengo bikotea dira, momentura arte, txapelketako bikoterik onena. Lehiatutako sei jokoak irabazi dituzte, beste guztiek gutxienez bat galdu dutenean.
Atzoko partiduan estutu dituzte gehien. Goitiaren eta Basqueren aurkakoan, hamalauna berdinduta ailegatu ziren lehenengo seteko puntu erabakigarrira, baina hormabikoa bota zuen Lekerikaren eskumaz, eta seta poltsikoratu zuten gernikarrak eta zumaiarrak. Hortik aurrera, etsipenez aritu ziren aurkariak. Markagailuan, azkenean, 15-14koa eta 15-5ekoa ezarri zuten.
Bizi hasi zuten partidua aurrelariek, tantuak txandakatuz, baina 1-2koaren ostean, moteldu egin zuten jokoa. Pilota motelagaz, Basque nagusitu zen, bere errebes indartsuagaz, baina Lekerikak gogor eutsi zion, eta segurtasun gehiago erakutsi zuen. Hala ere, 2-2, 3-3, 4-4, 5-5, 6-6 eta 7-7 berdindu zuten lehen jokoan. Tantu politak ikusi zituzten ikusleek: Goitiak bote-prontoan sartu eta bota zuen hormabikoa, markina-xemeindarrak barrura saihetsez egindakoa; Goikoren txapagainekoa; Baqueren hormabikoa albotik…

Unai Lekerika atzoko partiduan. Argazkia: Eraman.
Zazpina berdindu ostean, baina, marroiak nagusitu ziren, 11-8koa ezarriz. Hala ere, azken txanpan partida berdintzea lortu zuten gazteek, Lekerikaren puntua ailegatu arte. Goitiak sakea atera, gernikarrak 10eko marran eskumaz hartu, eta hormabiko ederra bota zuen momenturik zailenean, ikusleen txalo zaparradagaz eraginez.
Bigarren jokoan, hasieratik aurreratu ziren faboritoak, eta gazteak nahi eta ezinean aritu ziren. Pilota motelagaz markagailuan hurbildu ziren jokoaren lehen minutuetan, baina 8-4koa eta gero, eurek gura zutena egin zuten gernikarrak eta zumaiarrak. Azkenean, Goikoetxeak itxi zuen partidua, sake errestoan hormabikoa eginda: 15-5.
Bigarren posturako lehia.
A multzoko bigarren posturako lehia zabalik dago, eta urtezahar egunean jokatuko dute partidu garrantzitsua: Goitia eta Basque Olharan eta Del Rioren aurka ariko dira. Lehenengoak gailenduz gero, finalerdietan izango dira. Olharane eta Del Rio nagusitzen badira, beste partidu bat lehiatu beharko dute Erik eta Minviellen aurka, azken horiek oraindik ez baitaude kanporatuta.

Goitia atzoko partiduan. Argazkia: Eraman.