Liher Intxaustirentzat izan da Ezetz Jakin lehiaketako ikasturteko lehen saria
Euskararen erabilera bultzatu eta indartu gura duen Berbalagun egitasmoa martxan dago, eta beste urte batez, Ezetz Jakin lehiaketa abiatu dute. Hala, lehiaketaren ikasturteko lehenengo sariak banatu dituzte gaur [azaroak 29] Gernika-Lumon, eta Liher Intxaustik jaso du sari nagusia; Sasoie jatetxearen eskutik, bi pertsonentzako asteburuko menua irabazi du.
Paperean zein digitalean jarri dute martxan lehiaketa, eta 50 pertsonak parte hartu dute bertan; horietatik galdera guztiak zuzen erantzun dituztenen artean zozketa eginda gailendu da Intxausti.
Parte hartzaile guztien artean egiten den zozketako sariduna, berriz, Ana Ispizua izan da, eta 20 euroko bono saria jaso du, udalerriko establezimenduetan erabiltzekoa.
Datorren astean jarriko dute martxan abenduko lehiaketa. Hamabost galderetatik batzuk Durangoko Azokari buruzkoak izango dira, baina euskararen erabilerari buruzko galderak ere ez dira faltako. Lehiaketan parte hartu gura dutenek, ohi legez, galdetegia online bete edota kultur etxeko Berbalagunen postontzian sartu beharko dute, abenduaren 28a aurretik. Abenduan, Zallo Barri Jatetxeak emango du saria.