11 orduko irakurraldia egiten ari dira Gernika-Lumon
Joseba Sarrionandiaren 'Narrazio Guztiak' liburuaren hainbat pasarte irakurtzen ari dira goizean goizetik. Euskararen Egunerako urtero antolatzen du Gernika-Lumoko Berbalagunek irakurraldia, eta, aurten, idazlea bera ere gerturatu da udalerrira.
11 orduko irakurraldia egiten dabiltza gaur, Gernika-Lumoko Elai Alai areto txikian. Joseba Sarrionandiaren Narrazio Guztiak liburuaren hainbat pasarte irakurtzen ari dira goizean goizetik. Euskararen Egunerako urtero antolatzen du Gernika-Lumoko Berbalagunek irakurraldia, eta, aurten, idazlea bera ere gerturatu da udalerrira.
Liburu hori 2016an ere irakurri zuten berbalagunek, baina Sarrionandia ez zen irakurraldira bertaratu, bere orduko egoeragatik. Oraingoan, etorri da, eta jendaurrean irakurtzea ez dela “gauza erraza” adierazi du, “batez ere horrelako liburu luzeak”.
Idazleak esan du poesiari zein liburuei “garrantzia handia” ematen zaiela, baina uste du “inoiz ez” dela argitzen zertarako diren horren garrantzitsuak: “Gauza garrantzitsu modura hartzen dugu irakurtzea, baina gaur egungo mundu utilitarioan zeregin edo motibo bat eskatzen da. Eta hor gabiltza poesia zer den edo hainbat gauza zeretarako diren aztertzen; zentzua galduta bezala gabiltza, bila, eta eskerrak eman behar dizkizuet, irakurketaren motiboaren bilaketa horretan laguntzeagatik”.
09:00etan hasi dute 11 orduko irakurraldia, eta ondoren, Gernikako Institutukoen txanda izan da. Atzetik bertaratu dira Barrutialdeko ikasleak, Mertzede Ikastetxekoak eta Seber Altubekoak. 20:00ak bitartean, herriko ikastetxeen eta eragileen ordezkariak ariko dira irakurtzen, eta festa giroan agurtuko dute jardunaldia.