Juanita Uruburu omendu dute berbalagunek ikasturteko lehen mendi irteeran
Berbalagunen ikasturteko lehenengo mendi irteeran 33 lagun inguru batu ziren, eta Juana Uruburu taldekide ohia omendu zuten.
Gaur udaletxeko plazan,
bidelagunon aiduru,
behingoagatik puntual,
gure Juanita Uruburu.
Berritsu maitagarria,
Berbalagunon eredu,
zure irri kutsakorra
itsasita daroagu.
Mendiko irteeretan,
esku hartzea helburu
eta hantxe izate zinen,
berandu baina seguru.
Herriko ekimenetan,
beti pankartetan buru.
Emakume gartsu bat lez
gogoratuko zaitugu.
Hil berri den Juana Uruburu Berbalagunkidea bertso horregaz gogoratu eta omendu ostean, ikasturteko lehen pausoak eman zituzten Berbalagunkideek zapatuan [azaroak 25]. Izan ere, ikasturteko lehenengo mendi irteeran batu ziren 33 lagun inguru.
Ohi legez, Foruen plazan elkartu ziren Berbalagunak, eta ekitaldi “xume bezain berezia” eginda, Foruko San Kristobal baselizarako bidea hartu zuten mendizaleek.
Errege Bidetik egin zuten Gernika eta Foruko harrobia arteko zatia. Ondoren, harrobi ondoko aldapa tentea igo eta Matxamatxarre baserriria ailegatu ziren. Bertan, berriro ere bertsoa botatzeko aprobetxatu zuten, eta jarraian, Malluku haranera jaitsi ziren, “bertako baso eder bezain ospelera”. Handik, bide zidorra jarraituz, Busturiko Altamira auzora heldu ziren, Madariaga dorretxean ibilaldia amaitzeko.
Eguna “nahiko goibel” hasi zen arren, ibilbide erditik aurrera “oinez egiteko giro paregabea” izan zuten parte hartzaileek.