50 domina, konpromisoaren eta esfortzuaren erakusle
Seul Kopa lehiatu zuten TAE Gernika klubekoek zapatuan Santanderren, eta 50 domina lortu zituzten: bederatzi urrezkoak, 27 zilarrezkoak eta 14 brontzezkoak.
Taekwondo ITFko Seul Kopa lehiatu zuten TAE Gernika klubekoek zapatuan [azaroak 25], Santanderreko La Albericiako pabeloian. Sei urtetik 40tik goragoko klubeko 23 taekwondistak parte hartu zuten, eta 50 domina lortu zituzten: bederatzi urrezkoak, 27 zilarrezkoak eta 14 brontzezkoak.
Aldi berean lau tatamitan banatuta lehiatu dute klubeko kideek, eta arduradunek adierazi dute “talde ederrak oso ondo funtzionatu” duela. Kirol izpiritua, ekina, konpromisoa eta esfortzua dira taekwondoak bultzatzen dituen balioak, eta horiek banaka zein taldeka garatu dituzte TAE Gernika klubekoek.
Azpimarratu dute klubeko txikienak lehenengo aldiz parte hartu duela lehiaketa batean, eta domina bi eskuratu dituela bertan, formak eta borroka kategorietan. “Ilusio itzela egin dio. Urtebete baino gehiago taekwondoan jardun eta gero, lehian hasi da ederto aritu da”, azaldu dute klubeko kidek.
Taekwondo ITF “jai handia” izan dela adierazi dute, 300 parte hartzaile baino gehiago elkartu direlako bertan, jatorri ezberdinetakoak: Santander, Barakaldo, Gernika, Sant Vicens Dels Horts eta Masquefa (Bartzelona). Hala, goizetik hasita, lehiaketa giroan eta elkarren arteko “errespetu handiz” jardun zuten kirolariek lehia eran.
Open Malaga lehiaketaren ostean, Santanderrekoa “beste aukera bat” izan da Gernikako taldea egonkortzeko; gero eta lehaikide gehiago ditu. Daniel Urbez sabonim instruktorea “poz-pozik” dago lehiaketa bietan bere taldeak emandako erantzunagaz. Zorionak eman dizkie gazte eta senior lehiakideei, baita euren familiei ere, “denek kirol honetan oinarritik hasita TAE Gernika klubaren bidez erakutsitako sostengua eta parte hartzeagatik”.