4.216 euro bildu dituzte Ekuadorreko Los Rios eskualdean mendekotasuna duten gazteen hezkuntza bermatzeko
Iparralde Hegoalde misio taldeak Haurtzaro Solidarioa kanpaina jarri du martxan, eta bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azokan batu du dirua. Bildutako ditu hori Ekuadorreko Los Rios eskualdean dagoen Karmengo Andra Mari hezkuntza unitate espezializatu fisikoemozionalera bidaliko dute, unitate horretan mendekotasunen bat duten ume eta gaztetxoen "bizi kalitatea hobetzeko".
Beste urte batez, Iparralde Hegoalde misio taldeak Haurtzaro Solidarioa kanpaina abiatu eta bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azoka egin zuten domeka eguerdian [azaroak 26], Gernika-Lumoko Merkatu plazan. Guztira, 4.216 euro bildu zituzten azokan, eta jasotakoa Ekuadorrera bidaliko dute, Los Rios eskualdean dagoen Karmengo Andra Mari hezkuntza unitate espezializatu fisikoemozionalera, hain zuzen ere.
Unitate horretan, mendekotasunen bat daukaten ume eta gaztetxoei zerbitzua eskaintzen diete, eta bildutako diru horregaz euren bizi kalitatea hobetzeko ekarpena egin gura dute. Hezkuntza unitate espezializatu horretan, desgaitasunen bat duten ume eta gazteak artatzeaz gain, prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzen dituztela azaldu dute: “Kalitatez eta berotasunez zerbitzatzen duten langileen etengabeko gaikuntza sustatuz, ume eta gazteen bizi baldintzak hoebtzen dituzte, eta euren gizarteratzea, hezkuntza eta laneratzea errazten dute”. Guzti hori familien parte hartze dinamioarekin eta komunitatea sentsibilizatuta egiten dutela azaldu dute.
Hori horrela, asko izan ziren domekan elkartasuna adieraztera Merkatu plazara gerturatu ziren herritarrak. Gainera, Gabon errifaren zozketa ere egin zuten, eta zenbaki irabazlea 1.855 dela jakinarazi dute; ordezko zenbakia, aldiz, 1.971 da.
Hamazazpi urtetan, 85.107 euro.
Proiektua 2005ean jarri zuen martxan Urdaibaiko Katekesiak, elkartasuna adierazteko asmoz, eta, ordutik, ikasturte bakoitzeko lehen hiru hilabeteetan gauzatu ohi izan dute, guztira 85.107 euro bilduz. Ziurtatu dute, nahiz eta ekitaldi nagusia domekakoa izan, lehenengo hiruhilekoaren zati handi bat egitasmoa lantzen igaro dutela.