Sukarrietako alkateak Abiñako auzian "egiaren eta justiziaren alde jartzeko" eskatu die jeltzaleei
Jaime Oruetak gutuna eman die Euzko Alderdi Jeltzalearen agintariei, eta esan die Sukarrietak jasan duen "kalte handiari" irtenbidea aurkitzen laguntzeko prest daudela.
Sabino Arana Goiriren heriotzaren 120. urteurreneko ekitaldia izan zuten atzo [azaroak 26], Sukarrietan, eta hori aprobetxatuta, Jaime Orueta alkateak gutun bat eman zien EAJko agintariei, eta beste urte batez, “Abiña Sukarrieta dela” adierazten duen pankarta zabalduta eman zieten ondo etorria sukarrietarrek jeltzaleei. Hain zuzen ere, Abiñako enklabearen “lurralde-, nortasun- eta espoliazio historikoan”, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek daukaten “erantzukizuna” gogoratu du Oruetak, eta ardura hori ezin dutela ezkutatu.

Argazkia: Sukarrietako Udala.
Jeltzaleak herri, identitate eta lurraldearen defentsaren “buruzagi” aurkeztuz Sukarrietara joatea, eta, aldi berean, EAJ buru duten instituzioen jokabideagaz euren herria “bidegabeko espoliazioren objektu” izatea “erabateko kontraesana” dela azpimarratu du: “Horregatik, beste behin, eskatzen diegu sostengatzen ez diren argudioak albo batera utzi, eta egiaren eta justiziaren alde jartzeko”. Era berean, Sukarrietari eragin dioten “sekulako kaltea” zuzentzeko, batzar nagusietan beharrezkoak diren baliabide politikoak aktibatzeko eskatu diete: “Hori egin ezean, argi dago, Sukarrietako herriaren kontrako estrategia berretsiko dutela. Izan ere, hori ezeztatu gura badute ere, estrategia hori administrazioarekiko auzi-epaiketaren aurretik hasi zen, Bizkaiko Batzar Nagusien ebazpen arbitrarioagaz gauzatu zen eta bidegabeko emaitza zuzentzeko EAJren ezezko jarreragaz baieztatu da”.
Irtenbide “justua” gura dute, eta, horretarako, eskua luzatu diete buruzagi jeltzaleei: “Akatsak zuzentzen laguntzeko prestutasun osoa daukagu”.