PLAren osoko bilkuran hidrogeno berriztagarriak sustatzeko adierazpena sinatu dute, Ekoetxea Urdaibain
Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da gaur arte Pirinioetako Lan Elkartearen presidentea, eta kargu hori hartu du 2025era bitartean Carole Delga Okzitania Eskualdeko Presidenteak.

Pirinioetako Lan Elkartearen 41. osoko bilkura Busturiko Ekoetxea Urdaibain egin dute gaur arratsaldean [azaroak 27], eta bertan onartu eta sinatu dute hidrogeno berriztagarria sustatzeko konpromisoa jasotzen duen adierazpena.

Argazkia: Irekia
2021eko abenduan PLEren presidente kargua hartu zuen Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta, gaurtik aurrera Okzitania Eskualdeko Presidente Carole Delga da elkartearen presidentea. Erakundearen buru izango da 2025era bitartean.
Aipatutako bi agintariez gain, Nafarroako Gobernuaren, Andorrako Gobernuaren Andorrako Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Erakundearen, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluaren, Aragoiko Gobernuaren, Kataluniako Generalitateko Kanpo Ekintza eta Europar Batasuneko Departamenturen ordezkariak bildu dira Ekoetxea Urdaibain. Bilkura hasi aurretik, Urdaibaiko Biosfera Babesgunearen Erakusketa bisitatu dute.
2023ko balantzea egin, eta Pirinioetako Lan Elkartean aurten landutako lan-ildoak izan dituzte hizpide, baita egungo zein etorkizuneko zereginak eta erronkak ere. Besteren artean, PLEk trantsizio klimatikoari egindako ekarpenak azaldu dituzte, tartean, 2021ean onartu zuten klima aldaketaren estrategia pirenaikoaren ezarpena: Life integratua egitasmoa. Mikel Anton Zarragoitia elkartearen Idazkari Nagusiak eta Jean Louis Valls Zuzendari Orokorrak hartu dute hitza horretarako.
Urkulluk gogoratu du gaur egun klima aldaketaren estrategia pirenaikoan lanean dihardutela, jasangarritasuna eta lurralde-kohesioa bateratuz: “Egun garai zailak bizitzen ari gara, gerra eta liskar onartezinak ezagutzen ari gara. Nazioarteko zuzenbidea etengabe urratzen ari da. Leku honek justu kontrakoa erakusten digu, hau bizikidetzaren, bakearen eta elkartasunaren tokia da. Orain dela 40 urte eratu zen PLE, eta bera osatzen dugun gobernuok partekatzen dugun jasangarritasunarekin eta klima aldaketaren kontrako borrokan erakutsitako konpromisoa aitortzen dugu”. Konpromiso horretatik sortu zuten orain dela hamar bat urte Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia, eta hori izan da euren proiektuaren ikur edo ezaugarri nagusietako bat.

Argazkia: Irekia
Bi urteotan lortutako aurrerapausoak goraipatu ditu Lehendakariak. Behatokiak aipatutako estrategiaren garapena bermatzen duela azpimarratu du, baita bide-orria garatu dutela ere, eta hori Pirinioetan hidrogeno-ekosistema bat sortzeko POCTEFA proiektu batean jaso litekeela. “POCTEFA lurralde lankidetza-programa berria martxan ipini dugu, eta 2021ean itxi ziren muga-pasabide batzuk zabaltzea lortu da”. Horiek guzti horiek zabaltzeko konpromisoa mantentzen dutela zehaztu du.
Bestalde, lan-mahai guztietan parte hartu duten denen ekarpenak eskertu ditu Urkulluk. Maastrichteko Itunaren aipamena ere egin du; itun horrek Europako merkatu bakarra ezarri zuen, eta modu desberdinean garatu diren “lau askatasunetan oinarritzen” da: “Pertsonen zirkulazio askatasuna da mugetan gehien sufritzen ari dena, ikusten ari garenez. Pertsonekiko dugun konpromisoak bultzatzen gaitu Europako ongizatearen eta kohesioaren zerbitzura lan egiten jarraitzera”.











































Busturiko Ekoetxea Urdaibain egon aurretik, Carole Delga Okzitania eskualdeko presidenteak bisita instituzionala egin zuen Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Gernika-Lumora. Batzar Etxeko harreraren ondoren, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateagaz izan ziren, eta lore-sorta utzi zuen Pablo Picassoren Guernica koadroaren erreprodukzioaren aurrean, bonbardaketan hildakoen omenez.