Museoak bertsotan jarriko dituzte
Bizkaiko Foru Aldundiak 'Gida Bira, gure museoak bertsotan' ekimena prestatu du Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Eskualdeko zazpi bertsolarik hainbat museo edo aretoetako bisita gidatuak bertsoz jantziko dituzte.
Euskarak munduari begiratzeko “aparteko” modu bat eskaintzen duela oinarri hartuta, begirada hori bertsolarien bidez islatuko dute Bizkaiko Foru Aldundiko musoek eta aretoek Euskararen Nazioarteko Egunerako prestatu duten Gira Bira izeneko ekimenagaz.
Hala, bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, euskal ondareari euren “ekarpen oparoa” erantsiz eta bisitariei euskal ondarearen bestelako ikuspegi bat erakutsiz. Isaac Amezaga Euskara Zuzendari Nagusiak dio euskara, euskal ondarea eta euskal kulturaren adierazpide “garrantzitsuetako bat” bilduko dituztela Gida Bira ekimenean, eta “bisitariei kultur jarduera berezia” eskainiko dietela, “baina, betiere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko xedeagaz”.
Ekimena abenduaren 1etik 4ra bitartean egingo dute, espazio ezberdinetan, eta hamahiru bertsolarik parte hartuko dute, tartean eskualdeko zazpik: Ibon Ajuriagojeaskoa, Janire Arrizabalaga, Koldo Gezuraga eta Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarrek, Ander Elortegi natxituarrak, Asier Galarza muxikarrak eta Iker Uriarte bermeotarrak. Horiez gain, Aissa Intxausti lekeitiarrak, Garazi Navarro amorotoarrak, Oihana Bartrak, Miren Amurizak, Iruri Altzerreka eta Eneko Abasolo Abarkasek parte hartuko dute.
Hainbat izango dira bertsoak entzungo dituzten areto edo museoak, eta horien artean daude Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa eta Kortezubiko Santimamiñe.
Bisita gidatuetan parte hartu gura duten bisitariek izena eman beharko dute, ezinbestean. Horretarako, museo edo areto bakoitzagaz jarri beharko dira harremanetan.
Egitaraua.
Abenduak 1, barikua.
19:00etan. Bilbolko Rekalde Aretoan Ibon Ajuriagojeaskoa ariko da.
Abenduak 2, zapatua.
12:00. Euskaren Etxean Oihana Bartra eta Miren Amuriza ariko dira bertsotan.
12:30. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga ariko dira.
18:00. Bilboko Arkeologi Museoan Asier Galarzak botako ditu bertsoak.
19:00. Bilboko Ondare Aretoan Koldo Gezuraga ariko da bisitan parte hartzen.
Abenduak 3, domeka.
11:30. Muskizeko Poblaleko Burdinolan Iruri Altzerrekak parte hartuko du.
12:00. Balmasedako La Encartada fabrika museoan Ander Elortegi ariko da bertsotan.
12:00. Bermeoko Arrantzaleen Museoan Eneko Abasolo Abarkas izango da bertsotan egingo duena.
12:30. Kortezubiko Santimamiñen Aitor Etxebarriazarra egongo da.
13:00. Txakolin Museoa-Txakolingunean Aissa Intxaustik parte hartuko du.
Abenduak 4, astelehena.
12:45. Bizkaiko Foru Jauregian Garazi Navarrok botako ditu bertsoak.