Enbeita eta Etxebarriazarraga sailkatu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalera
Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak irabazi du hirugarren eta azkenengo finalaurrekoa.

2021ean bezala, aurten ere Onintza Enbeita Maguregi muxikarrak eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernika-lumotarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko dute. Zapatuan [azaroak 25] Lemoan argitu zen zeintzuek osatu duten aurtengo finalisten zerrenda, eta aipatutako eskualdeko bi bertsolariekin batera, honako hauek dira finalistak: Jone Uria Albizuri bigarren finalaurrekoaren irabazlea, Nerea Ibarzabal Salegi hirugarren finalaurrekoaren irabazlea, eta puntuazioaren araberako sailkapenetik sailkatutako Oihana Bartra Arenas eta Gorka Pagonabarraga Agorria eta Aitor Etxebarriazarraga.
Abenduaren 16ko Miribillako finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian erosi daitezke.
Lemoako finalaurrekoa. 638 puntugaz irabazi zuen hirugarren eta azkenenego finalaurrekoa Ibarzabalek, eta 635,5 puntu lortu zituen Enbeitak. 610,5 puntugaz Bartra sailkatu zen hirugarren, eta 580 puntu eskuratu zituen Intxaustik. Ibai Amillategi Omaetxebarria gernika-lumotarra eta bosgarren eta seigarren sailkatu ziren, 571 puntugaz eta 567,5 puntugaz, hurrenez hurren.
Hasierako agurren ondoren, saio puntuagarria Aramendiren eta Intxaustiren zortziko nagusiagaz hasi zuten. “Intxaustik lanetik irten, eta arratsalde osoa militantzian ematen” duelako, ahizpa ondo ikusten ez zuelako kezkatuta zegoen Aramendi. Ibarzabal eta Bartra, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorreko batzordeko kideak, zaintzari buruzko hausnarketan jardun zuten. Amillategi eta Enbeita, ostera, nazioartera begira, Palestinara begira ipini zituen Idoia Anzorandia Kareaga gai-emaileak.
Zortziko txikiko eta hamarreko txikiko bertsoaldien ostean, ganbarako puntu erantzunetan haurtzarora bueltatu ziren, “umetako ametsak” aitatuz. Jarraian, “gero eta gehiagotan eta ezkutuan” egiten zuten horretaz aritu ziren bertsotan. Aissak ligatze kontuak aipatu zituen, eta gainontzekoek, ostera, egungo gizartean irudiak zein besteen iritziek daukaten botereak, osasun fisiko, mental zein emozionalean dauzkan eraginak.
Sarrerak agortuta, 700 bat bertsozale elkartu ziren Lemoako udal kiroldegian.