Amillategi eta Enbeita, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azkenengo finalaurrekoan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren zortzi finalistetatik bi erabakita daude, eta, zapatu honetan argituko da zeintzuk diren gainontzeko sei bertsolariak. Lemoako finalaurrerako sarrerak agortuta daude.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren zortzi finalistetatik bi erabakita daude, baina, zapatuan argituko da zeintzuk diren gainontzeko sei bertsolariak. Azaroaren 11an jokatu zuten lehenengo finalaurrekoan Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarrak lortu zuen Miribillarako txartela, eta hilaren 18an, berriz, Jone Uria Albizurik. Biek ala biek ondo dakite zer den final handian egotea.
Zapatu honetan [azaroak 25] Lemoako udal kiroldegian jokatuko dute azkenengo finalaurrekoa; sarrerak agortuta daude dagoeneko: zuzenean ere emango dute bertsoa.eus atarian. Eskualdeko bi bertsolari izango dira bertan: 2021eko finalista izateagatik finalaurrekoetan sartu den Onintza Enbeita Maguregi muxikarra eta Gernika-Lumoko kanporaketa irabazita zuzenean sailkatu zen Ibai Amillategi Omaetxebarria gernika-lumotarra. Egungo txapelduna den Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak, Josune Aramendi Perez markina-xemeindarrak, Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarrak eta Oihana Bartra Arenas bilbotarrak osatuko dute finalaurrekoaren seikotea.
Esan bezala, saioa amaituta osatuko da abenduaren 16ko finalaren zerrenda. Hiru finalaurrekoetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira, eta puntuazioaren arabera sailkatuko dira sailkapenaren lehenengo sei bertsolariak.
Aurreko asteburuan 631 puntugaz irabazi zuen Uriak Santurtziko kanporaketa, eta Txaber Altube Sarrionandia geratu zen bigarren, 576 puntugaz. Jarraian sailkatu ziren, hurrenez hurren, Aitor Bizkarra Ruiz (574,5 puntu), Unai Mendiburu Valor (565 puntu), Mikel Goiriena Larrazabal (557 puntu) eta Bittor Altube Sarrionandia (498,5 puntu).
Sailkapena. Uria eta Galletebeitiaren puntuazioetatik aparte, gaur gaurkoz, Gorka Pagonabarraga Agorriak dauzka puntu gehien: 604, eta jarraian dago bera bezala 2021ean finalista izan zen Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernika-lumotarra, 585.50 puntugaz. Atzeti daude Txaber Altube 576 puntugaz, Bizkarra 574,50 puntugaz, Mendiburu 565 puntugaz, Goiriena 557 puntugaz, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas 550.50 puntugaz, Koldo Gezuraga Seijido gernika-lumotarra 549.50 puntugaz eta Iruri Altzerreka Martinez 548.50 puntugaz.
Finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian erosi daitezke.