Udal langileak ere, Greba Feminista Orokorragaz bat
Egungo zaintza sistemak "ez duela bizitza duinik bermatzen" uste dute udal langileek, eta azaroaren 30ean kalera ateratzeko deia egin dute.
Gernika-Lumoko udal langileek Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako Greba Feminista Orokorragaz bat egiten dutela adierazi dute. Egungo zaintza sistemak “ez duela bizitza duinik bermatzen” uste dute, ez zaintzaile ez eta zaintza behar dutenentzat ere. Hala, azaroaren 30ean kalera ateratzeko deia egin dute.
Egungo zaintza sistemaren aurrean “zaintza sistema publiko eta komunitarioa” aldarrikatuko dute, “denona eta denontzat” izango dena, herritarren bizitzak erdigunean jarriko dituena.
Udalerriko sare feministak egindako tokiko herri akordioagaz ere bat agertu dira. Hau da Busturialdeko Mankomuitatearen bidez etxez etxeko langileen zuzeneko kontratazioa kudeatzea eskatzen diote udalari, “langile horien baldintzak duinduz eta azpi kontrata baten interesak elikatzeari utziz”. Kaltzada Egoitzako langileen lan baldintzak “duintzeko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko” ere eskatzen dute, eta Gernikako Ospitalean oheak eta urgentziazko zerbitzua ezartzeko ere bai. Atzerritartasun legea bertan behera uzteko aldarrikapena ere kaleratuko dute, emakume migratuen eskubideak bermatzeko eta eskubide guztiak pertsona guztientzat direla adierazteko.
Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra prestatzeko azken pausoak ematen ari dira eskualdean. 9 egun besterik ez dira geratzen seinalatutako egunerako, eta bihar Greba Komitean biltzeko hitzordua jarri dute; 18:00etan jarri dute batzeko ordua Astran.
Grebaren aurreko lanketa egiteko elkartuko dira Astran, eta herritar guztiak daude horretan parte hartzera deituak, emakumeak zein gizonezkoak.