Lobakek Lidl supermerkatuari eskatu dio Los Pirineos fabrikaren ur biltegia ez botatzeko
Bonbardaketaren aurrekoa den eta zutunik jarraitzen duen udalerriko arkitektura elementu bakarrenetako bat delako eskatu dute eraikina ez botatzea. Bonbardaketatik zutik geratu ziren eraikin apurrak matentzea "ezinbestekoa" da Lobak taldekoentzako, "suntsitu nahi izan zuten Gernika horri eustea ere badelako hori".
Los Pirineos fabrika zaharraren 1912ko ur biltegia botatzeko lanak bertan behera uzteko eskatu dio Lobakek Lidl supermerkatuari, bonbardaketaren aurrekoa den eta zutunik jarraitzen duen arkitektura elementu bakarrenetako bat delako. Gernikazarra eta Gernika Batzordea elkarteen babesarekin, lobek hainbat gutun bidali dituzte enpresaren atzerriko egoitzetara alemanieraz, ingelesez eta gaztelanieraz, “ur biltegia ez botatzeko eskatuz”. Hala ere, ezer gutxi egin dezaketela uste dute, Gernika-Lumoko Udalak multinazional alemaniarrari bonbardaketa aurreko eraikuntza botatzeko baimena eman diolako.
Gernika bonbardatu zutenean udalerriko eraikuntza guztien %85 desagertu zen sugarretan, eta Lobak taldeko kideen ustez, egun hartatik zutik geratu ziren eraikin apurrak matentzea “ezinbestekoa” da, “suntsitu nahi izan zuten Gernika horri eustea ere badelako hori”.
Hala ere, orain, Lidl supermerkatuko arduradunek bota egin gura dute, “egoera txarrean” dagoelako eta saltokia egokitzeko lanei eragingo liekela uste dutelako.
Horren aurrean, Lobakek Gernika-Lumoko ondarearen eta memoria historikoaren kontserbazioaren alde lan egiten duten hainbat elkarteren izenean bidalitako gutunetan azpimarratu dute “babestu” egin behar dela memoria kolektiboaren osagai garrantzitsua den antzinako ur biltegia, “udalerriko herritarrentzat berebiziko garrantzia garrantzia duelako bonbardaketaren ostean zutunik iraun zuen apurra mantentzea”.