Urregorrizko puntuak, gehien behar zirenean
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 25-24 irabazi dio Hernani CREri, Urbietan. Zapatuan [azaroak 25] Getxo Rugby Ohorezko B Mailako egungo liderraren kontra neurtuko dituzte indarrak.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak garaipen garrantzitsua poltsikoratu zuen zapatuan [azaroak 28], Urbietan, Hernani CRE taldearen kontra. Basurdeak ligako egungo liderraren kontra 25-24 nagusitu ziren, Ohorezko B Mailan aurrera egiteko hil ala biziko puntuak eskuratuz. Gorka Argulen jokalariak, etxeko jarraitzaileen aurrean, markagailuan atzetik joan ziren partidu osoan, azken jokaldira arte; zigor ostiko bat baliatuz, markagailua iraultzea lortu zuten.
Etxeko taldeaz gain, giro paregabea nagusitu zen Urbietako zelaigunean. Hernaniarren hainbat zale ere bertaratu ziren, aldarte bikaina ziurtatuz. Basurdeak, taldetik adierazi dutenaren arabera, partidua irabazteak beregain zuen esanguraren “oso jakitun” ziren eta, horrenbestez, jarrerarik lehiakorrenagaz eta dinamika sendoekin zelairatu ziren; horren erakusle, besteak beste, bosgarren minutuan Michael Mbaudenen entsegua eta Iker Olaetaren transformazioa.
Atsedenaldira 12-21koagaz iritsi ziren, hernaniarren alde
Liderra aurrez aurre eduki arren, fase estatikoetan nagusi izan ziren etxekoak. Horrek ahalbidetu zien gipuzkoarren zelai eremutik hurre jokatzea; edozelan ere, Hernanik gernika-lumotarren lehen lerroa gainditu ahal izan zuen, esku joko bikaina erakutsiz. Gainera, baloiaren jabetza eta jokoaren jarraikortasun handiagoa erakutsi zuten, basurdeei defentsa beharrak zailduz. Atsedenaldian 12-21 aurretik ziren bisitariak.
Lusanda Xakwana hegoafrikarrak zigor ostikoa jaurti zuen, markagailua irauliz
Aldageletatik bueltatu eta gutxira, Hernaniko Beñat Iradiri txartel gorria erakutsi zion epaileak, aurkariari eraso egitea egotzita. Jokalari bat gehiagogaz jokatzea baliatu zuten, hain zuzen ere, etxekoek, markagailuan hurreratzeko; Juan Pablo Minuzzik eta Raynardt Nelek entsegu bana egin zuten. Taldearen azken fitxaketetako batek, Lusanda Xakwana hegoafrikarrak, zigor ostikoa jaurti zuen eta ez zuen kale egin. 22-24 atzetik joatetik 25-24 gailentzera igaro ziren basurdeak.
Getxo Rugbyren aurkako partidua zapatuan izango da, 16:3o0etan, Faduran
Lider berriaren aurka. Garaipenari esker, Gernika RT bosgarren postuan dago, 21 puntugaz. Zazpi jardunaldi jokatuta, ondorengo taldeak dauzka aurretik: 26 puntugaz, Getxo Rugby; 25egaz, Unibersitario Bilbao Rugby, Hernani CRE, Gesalaga Okelan Zarautz. Hain zuzen, lehen posturaino iritsi diren getxoztarrak izango dira gernika-lumotarren aurkariak, datorren zapatuan [azaroak 25]. Partidu gogor hori 16:30ean hasiko da, Faduran.