Saskibaloiaren eta inklusioaren jaia
500 lagun baino gehiago elkartu dira Santanape kiroldegian, saskibaloi egokituko Open Day-az gozatzeko.
Gernika-Lumok adimen desgaitasuna duten kirolariei egokitutako Bizkaiko Ligaren bigarren jardunaldia hartu zuen domekan [azaroak 20]. Jardunaldiari zegozkion lau partiduak egun eta toki berean jokatu zituzten: Santanape kiroldegian. Saskibaloiaren eta inklusioaren jaia izan zen domekakoa, 500 ikusle baino gehiago bertaratu baitziren harmailetara. Zortzi taldek jokatu zuten bigarren jardinaldian, eta denek ala denek jarraitzaileen berotasuna eta babesa jaso zituzten”.
Lehen neurketan, Haszten Saski taldeak Bilbao Basket Fundazioaren kontra irabazi zuen, eta gauza bera egin zuen OSK El Chiringuito Portugaletek Getxeko SBT Haszten taldearen kontra. Azken bi norgehiagoketetan, Lehoiak Gorabidek ezin izan zuen Alzoka BSK Basauri FSDPV taldea menpean hartu; etxeko taldeak, Lointek Gernika BBK-Fenomenoak-ek, bere aldetik, Barakaldo Basketen kontra galdu zuen. Laugarren eta azken partidu horretarako, harmailak zabaldu zituzten, eta hainbat ikusle hurreratu ziren, besteren artean, Lointek Gernika Bizkaiako zenbait jokalari.
Partiduen ostean, saskibaloiaren eta inklusioaren jaialdiak aurrera egin zuen bazkariagaz, dantzaldiagaz eta Lointek Gernika Bizkaiaren partiduagaz. Talde gernika-lumotarrak, eguna borobiltzeko, Cadi La Seu kataluniarren kontra garaipena poltsikoratu zuen, Malosten.