Lau t'erdikoak hurrengo urtean beharko du izan
Olatz Arrizabalagak 22-14 galdu du Leire Garairen kontra, Lau t'erdiko Txapelketako final-laurdenetan.
Aurtengo Lau t’erdiko Txapelketa partidu bakarreko esperientzia izan da Olatz Arrizabalagarentzat. Txapelketa poltsikoratzeko hautagai nagusietako bat izanda, final-laurdenetako norgehiagokan galdu zuen domekan [azaroak 19], Orozkoko Zubiaur pilotalekuan, Leire Garairen kontra. Porrotagaz, gernika-lumotarrak ezin izango du txapelketan aurrera egin, eta lau t’erdiko lehiatik kanporatuta geratu da.
Arabarra partidu bat jokatuta ailegatu zen final-laurdenera; Arrizabalagarentzat, ostera, lehen hitzordua izan zen. Hori “giltzarri” izan zela adierazi du, “presioaz gain”: “Garaik beste erritmo bat eduki zuen, hobeto aritu zen; gainera, hautagaietako bat izateak duen presioak ere ez zidan onik egin”. Hamalaugarren tanto ingurura arte, berdinduta aritu ziren pilotari biak; ordutik aurrera, baina, Garai nagusitu egin zen, batez ere, atzealdeko jokoari esker: “Garaik ondo probestu zuen joko molde hori; nik bizkor, aurrealdean eta sakeak aprobetxatuz jokatu gura izan nuen, baina azkenean atzera bota eta bota amaitu genuen, hau da, ez nuen neure burua interesatzen zitzaidan jokoa egiteko gai ikusi”. Azkenean, 14-22 gailendu zen Garai. Arrizabalagak azaldu du arabarrak ere ez zuela “partidu bikaina” egin, baina edukitako aukerak “hobeto baliatu zituela”.
Olatz Arrizabalaga: “Orain da aldaketak egiteko unea, hurrengo urteari begira”
Txapelketatik kanpo geratu izana “kolpe gogor samarra” dela argitu du gernika-lumotarrak, baina hurrengo urtean itzultzeko asmoa duela ere aurreratu du. Tartean, prestakuntzan eta materialean aldaketak egitekotan dago: “Lanketa handia dago egiteke bai pilotetan, bai takoetan. Horrez gain, beharbada, txapelketaren bat edo beste sakrifikatu egin beharko dut, lau t’erdikoa denbora eta ganora gehiagogaz prestatze aldera”. Urtarrila bitartean txapelketa esanguratsurik jokatuko ez duen arren, prestaketak ez du etenik izango. “Gimnasioan lan handia egin behar dut urte sasoi honetan, baita kantxan ere. Lagunarteko partidu pare bat jokatuko ditut, baina ez dira inondik inora helburu izango. Orain da aldaketak egiteko unea, hurrengo urteari begira”.
Garai, aurkari bila. Final-laurdena orduko adierazi zuen legez, Arrizabalagarentzat Amaia Aldai dimoztarra da Lau t’erdiko Txapelketa berriro eskuratzeko faboritoa. Edozelan ere, “aurkari oso esanguratsuak” edukiko ditu aurrez aurre, “ezustekoa eman dezaketenak”. Enara Gaminde laukiztarra, Goiuri Zabaleta leitzarra edota Garai bera finalera heltzeko bezainbesteko merituak egin ditzaketen pilotariak direla adierazita, Aldaik hirurekin “kontu handia” eduki beharko duela azaldu du gernika-lumotarrak.