Joseba Moreno Ugalderen 'Lagatik', Photokaren lehiaketako argazkirik onena
Photokaren XIII. argazki lehiaketako sari ematea egin dute. Hiru kategoria eta argazkirik onenarena eduki dituzte. Aurten, gora efin du lehiara aurkeztutako parte hartzaile nahiz argazki kopuruak.
Gernika-Lumoko Argazkilaritza Elkarteak, Photokak, bere urteroko argazki txapelketaren XIII. ekitaldiko sari emate ekitaldia egin zuen iragan barikuan [azaroak 17], Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Argazkilaritzarekiko zaletasuna Busturialdean zabaltzea da lehiaketaren helburua. Hiru kategoria egon ziren sariketan: Urdaibai+Gaztelugatxeko biotopoa, gai librea eta teknikapeko gai librea.
371 argazki aurkeztu dituzte aurten lehiara, iazko ekitaldian baino 44 gehiago. Era berean, Espainiar Estatu osoko 68 parte hartzaile aritu dira, alegia, 2022an baino 15 argazkilari gehiago. Argazki horietatik guztietatik, 59 (iaz baino bat gutxiago) Urdaibai+Gaztelugatxe sailera aurkeztu dituzte; gai libreak 142 (iaz baino 17 gehiago) hartu ditu; azken alorrak, ostera, 170 (iaz baino 18 gehiago) jaso ditu. Aurten, Euskadiko Argazkilaritza Federazioko hiru partaidek eduki dute epaile beharretan aritzeko ardura: Luis Lainsak, Jesu Mari Hernandezek, eta Ainhoa Martiarenak.
Urdaibaiko eta Gaztelugatxeko biotopoko argazkiak barnebiltzen dituen sailean, Joseba Moreno Ugaldek lortu zuen lehen saria, Lagatik argazkiari esker; bigarren postuan sailkatu zen Eneko Ibarguengoitia Larrabasterren Gaztelugatxe, el olimpo de los dioses argazkia; hirugarrena ostera, Javier Pedro Fernandez Herrerasen Gaztelugatxe izan zen.
Teknikapeko gai libredun sailean, Juan Antonio Unzurrunzaga Posadaren Arria jazotzen-ek lortu zuen lehen saria, Emy De Lema Nafriaren Tattoo man smoking-en eta Luis Martinez Aniesaren Avalon-en aurretik. Gai libreko sariei dagokienez, lehenengoa Jose Inazio Kuesta Garmendiak irabazi zuen, Indian man at a Kumbh Mela Festival argazkiagatik; bigarrena Aitor Arana Arruti izan zen, Casi Volar-egaz; hirugarrena, berriz, Carlos Frias Perez, El almuerzo argazkiagaz.
Azkenik, lehen saileko garaile Morenok irabazi zuen txapelketako argazkirik onenaren saria, eta egileak eskuratu zuen, hortaz, XIII. ekitaldiko garaileari dagokion trofeoa. Garaikur hori, hain zuzen ere, Jose Angel Uberuaga Ube-k egindakoa izan da aurten, eta egileak berak eman zio irabazleari.