37 domina lortu dituzte TAE Gernika klubekoek Malagako taekwondo ITF Openean
Txapelketaren aurretik egindako "lan fisiko, tekniko, taktiko eta psikologikoaren" ondorioa direla adierazi du Dani Urbez Taekwondo instruktoreak. 30 klubetatik joandako 600 lehiakide baino gehiago aritu dira asteburuan Malagako txapelketan.
TAE Gernika Klubak Taekwondo ITF kiroleko Open Malaga 2023 txapelketa lehiatu du asteburuan, eta guztira, 37 domina lortu dituzte Gernika-Lumoko taekwondo klubeko kirolariek: 14 izan dira urrezko dominak, 14 zilarrezkoak eta 9 brontzezkoak, kategoria ezberdinetan (borroka, formak, talde formak eta aurretiaz ezarritakoak).
Emaitza horiek txapelketaren aurretik egindako “lan fisiko, tekniko, taktiko eta psikologikoaren” ondorioa direla adierazi du Dani Urbez Taekwondo instruktoreak. “Egindako lanak sari itzela jaso du. Bidaia luzea izan da, baina poztasunez betetako buelta izan dugu. Aurrerantzean ere ekarpen handiagoak lortzeko prest gaude”, gehitu du Urbezek.
Zehaztu duenez, 13 izan dira TAE Gernika Klubaren ordezkariak Malagan: zazpi neska eta sei mutik, zazpi urtetik 29ra artekoak: “Talde gaztea inon dana eta etorkizun handikoa”. Eurekin batera, beste 30 klubetatik joandako 600 lehiakide baino gehiago aritu dira txapelketan; besteren artean, Frantzia eta Poloniakoak, zein Galiziakoak, Kataluniakoak, Valentzikoak, Aragonekoak edo Andaluziakoak.
Urbezek Malagako Invictus kluba eta Taekwondo ITF Fest Espainiako Federazioa zoriondu gura izan ditu antolakuntzagatik: “Eurak barik ezinezkoa izango zen kirol eder honetaz gozatzea”. Ez dituzte ahaztu gura izan gurasoak, entrenatzaileak eta laguntzaileak, “lehiaketa hori une zoragarria bihurtzeagatik”.