"Egungo zaintza sistemak ez du bizitza duinik bermatzen"
Azaroaren 30eko greba feminista orokorragaz bat egiteko deia zabaldu dute Busturialdeko mugimendu feministako kideek gaur. Zaintza sistema publiko eta komunitarioa bermatuko lukeen Herri Akordioaren garrantzia azpimarratu dute, beste behin.

Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren deialdia zabaltzeko asmoz, eskualdeko zaharren egoitzetatik auto karabana antolatu dute bertoko mugimendu feminista kideek gaurko [azaroak 18]. Denon bizitzak erdigunean aldarrikapenagaz bat eginez, 11:30ak aldera elkartu, eta Gernika-Lumotik, Bermeotik eta Busturiatik abiatu dira, herrietako egoitzetatik igaro eta 12:30ean guztiak Busturiko Arrotegi egoitzan elkartuz.
Lehenengo greba feminista orokorra da hilaren 30erako deitua dagoena, “deialdi historikoa” antolatzaileen hitzetan. Zaintza lanak dira grebarako deiaren zergatia, horiek hein handi batean, emakumeen kargu geratzen direlako: “Emakumeen gain jartzen diren zaintza lan guztiek guztiz baldintzatzen dute gure bizia, eta egungo zaintza sistemak ez du bizitza duinik bermatzen”. Zaintza lanek guztion ardura izan beharko luketela aldarrikute dute “denok izan gara eta izango garelako zainduak”.
Pandemia hartu dute zaintzaileen “lan baldintza prekarioak” salatzeko ageriko eredu, agerian utzi baitzituen “familia kontziliazioa egiteko egin behar dituzten malabarak edo errekurtso gabeziak”. Zaintzaileek familian “doan” lan egiten dutela nabarmendu dute, eta “egoera prekarioan” bestelako sektore feminizatuetan. Emakume migratuak gogoan izan dituzte: “Erregularizatuta egon edo ez, zaintza lanak lan eta bizi baldintza prekarioetan egiten dituzte”.
Sistema aldaketa aldarrikatzeaz gain, erantzuleei azalpenak eskatu eta “beharrezkoa den aldaketaren alde” elkartu eta antolatzeko aukera bezala aurkeztu dute azaroaren 30eko greba
Egungo zaintza sistemaren gabeziak adieraztearekin batera, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren beharra azpimarratute dute, herritarron beharrizanak erdigunean jarriko dituena, “lan baldintza duinak bermatuz”. Horri erantzuteko mugimendu feministatik Herri Akordio bat garatzen hasi direla adierazi dute, “egoera irauliko duen aldarrikapen zehatzekin”.
Greba deialdia. Sistema aldaketa aldarrikatzeaz gain, erantzuleei azalpenak eskatu eta “beharrezkoa den aldaketaren alde” elkartu eta antolatzeko aukera bezala aurkeztu dute azaroaren 30eko greba. Greba orokorra dela nabarmendu nahi izan dute, deialdia guztioi, “gizonezkoei ere, luzatu zaiela, “zaintzak guztioei eragiten digulako”. Deialdia lan arlo guztietara zabaldu dute, adibidez, industria Osakidetza, zerbitzu publikoak eta abar, “zaintza denona eta denontzat delako”.














































































