Auzolanerako talde bat sortzeko asmoz daude Sukarrietan
Herria txukuntzea, errekak garbi mantentzea, iturriak egoera onean edukitzea... eta, era berean, herritarren talde bat eratzea da udalaren asmoa.
Sukarrietan mantenu lanak egiteko langilerik ez daukatela eta, auzolanean jarduteko talde bat sortzeko asmoa daukatela iragarri du Sukarrietako zinegotzi Iñigo Porturasek: “Mantenu lanak egiteko taldea sei hilabetean aritzen da lanean udaberri-uda sasoian, baina neguan ez da inor egoten lan horiek egiteko”.
Herria txukuntzea, errekak garbi mantentzea, iturriak egoera onean edukitzea… eta, era berean, herritarren talde bat eratzea da udalaren asmoa: “Herritarrak batzeko aukera on bat dela uste dugu. Oraindik ere zehaztu beharreko gauza bat bada ere, asteburuetan batzea izango litzateke ideia, hilean behin edo”.
Azken finean, komunitatea sortzea dute helburu, “herritarrak batzea eta herriagaz harro sentitzea”. Herrian gutxi direla diote, eta uste dute “garrantzitsua” dela batzea: “Gure helburua da udatiarrak gero eta denbora gehiago pasatzea Sukarrietan, eta mota horretako lanek lagundu egin dezakete. Zenbat eta gauza gehiago eskaini, errazagoa izango da Sukarrietan ematen duten denbora luzatzea. Biztanleria gehitzen goaz, udatiarrak izan direnetako batzuk, dagoeneko herrian erroldatu direlako. Eta, gehiago egoteko lan egin behar dugu, jarduera berriak eskainita”.