Nabarnizko Postal Lehiaketara azaroaren 27ra arte aurkeztu daitezke lanak
Nabarnizko Postal Lehiaketa bi kategoriatan banatuko dute aurten ere: marrazkia eta e-postala. Batean zein bestean parte hartzen dutenek azaroaren 27ra arteko (astelehena) epea dute lanak aurkezteko. Abenduaren 15ean jakinaraziko dituzte irabazleak.
Nabarnizko Postal Lehiaketa bi kategoriatan banatuko dute aurten ere; izan ere, posta arruntaz gain, posta elektronikoz Gabonak zoriontzeko aukeratuko dituzte lanak. “Bi eratako postalen lehiaketa izango da aurtengoa: marrazkia eta e-postala. Marrazki irabazlea erabilita, udalak etxerik etxe banatzeko Gabon postalak egingo ditu, eta e-postala irabazlea, berriz, mezu elektroniko bidezko zorion agurretarako erabiliko du”, azaldu dute udal ordezkariek. Batean zein bestean parte hartzen dutenek azaroaren 27ra arteko (astelehena) epea dute lanak aurkezteko.
Gabonak posta arruntez zoriontzeko marrazki lehiaketa 5 eta 12 urte bitartekoei zuzenduta dago, eta herrian erroldatutakoek parte har dezakete. Gabonak eta euskal kultura gaitzat hartuta, postalak DINA4 neurrian aurkeztu beharko dituzte, eta teknika librea izango da. Parte hartzen dutenek, postal bakoitza gutun-azal batean gordeta utzi beharko dute udaletxean, eta gutun-azalean norbere datuak idatzi beharko dituzte: izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefonoa edo posta elektronikoa. Hala ere, gogoratu dute irudian ezin dela izenik jarri.
Bestalde, Nabarnizen erroldatutako 12 eta 17 urte arteko gazteek posta elektronikoaren lehiaketan parte har dezakete. Postalak hurrengo testua eduki beharko du: ‘Nabarnizko Udalaren izenean Gabon Jai zoriontsuak eta Urte Barri On’. Testuaren kokapena, neurria eta letra mota aukerazkoak izango dira, baina e-postala jpg formatuan aurkeztu beharko dute, gehienez ere 500Kb-gaz. Lanak udala@nabarniz.eus posta elektronikora bidali behar dira.
Lehiaketa bietako irabazleak abenduaren 15ean jakinaraziko dituzte, udalaren webgunean. Marrazki irabazleak Obaba liburudendan erabiltzeko 30 euroko bonua eta kamiseta bat eskuratuko ditu, eta e-postal onenak, berriz, 60 euro eta kamiseta bat.