Metalaren aterpe eta babesleku
Metal Fabrikak, izen bereko irratsaioaren VIII. denboraldia ospatzeko, kontzertu gaua antolatu du. Perennial Isolation, The Kraven eta Litost taldeak oholtzaratuko dira, eta Welder DJa arduratuko da gaua girotzeaz.
Metal Fabrikak bere VIII. denboraldia goi-goitik ospatzeko asmoa du. Datorren zapatuan [azaroak 18], metal kontzertuak emango dituzte Gernika-Lumoko Astra kultur faktorian. Metal musikaren inguruan batutako lagun taldearen hogeigarren Metal Fabrika gaua izango da, eta puntako taldeak edukiko dituzte oholtzan: Perennial Isolation, Litost eta The Kraven. Gainera, kontzertuen ostean Welder DJak gaua girotuko du. 20:30ean zabalduko dituzte ateak, eta lehendabiziko kontzertua 21:00etan abiatuko dute. Sarrerei dagokienez, internetez nahiz zapatuan bertan Astrako sarreran erosteko aukera dago, 10 euroren truke.
“Mimo handiz” prestatutako gaua izango dela adierazita, inguruko metalzaleen aterpe izan ohi da Metal Fabrika. Urtean hiru hitzordu nabarmen edukitzen dituzte: batetik, azaroko hau; bestetik, Lekuek festibalaren egitarau barruan egiten dutena; horiez gain, maiatz inguruan. Egitasmoaren helburu nagusiak, azaldu dutenaren arabera, bi dira: metalaren zaleak musikaz horretaz gozatzeko elkartzea eta Metal Fabrika irratsaioari babesa ematea. Metalaren aterkipean egonda ere, euren artean “oso desberdinak” diren hiru talde igoko dira Astrako agertokira. Kartelburua Perennial Isolation bartelonarrak izango dira: “Black metal atmosferikoa lantzen dute, eta momentuz erantzun oso ederra eduki duen euren azken lana, Portraits izenekoa, aurkeztuko dute”.
Urtero-urtero, “inguruko taldeei plaza bat ahalbidetzen” saiatzen da Metal Fabrika, eta aurten The Kraven durangarrek joko dute
Valentziatik etorriko dira Litost taldekoak. Death metalaren eta black metalaren arteko zubilana egiten duen Pathos albuma plazaratuko du, berriki Band Constest lehiaketa irabazita, Viveiroko (Galizia) Resurrection Fest jaialdi entzutetsuan jotzeko aukera eduki duen taldeak. Hirugarren taldea ez da hain urrungoa izango. Durangotik, The Kraven taldeak bere groove metalagaz jipoituko du Astrako oholtza. Metal Fabrikatik argitu dutenez, urtero-urtero “inguruko taldeei plaza bat ahalbidetzen” saiatzen dira, harrobi lanak eginez.
50 lagun inguru bertaratzea aurreikusten dute, baina metalaz gozatzeko edo hura ezagutzeko gogotsu daudenei “Astrara hurbiltzeko deialdia” luzatu diete
Kantitatea barik, kalitatea. Generoa “undergrounda eta gutxienena” dela aurreratuta, Metal Fabrikako antolakuntza lantaldeak 50 lagun inguru bertaratzea aurreikusten du, gutxi gorabehera: “Noiz edo noiz, 150 lagun ere sartu izan ditugu, baina datorren asteburuan hainbat eta hainbat metal kontzertu egongo dira, eta ez da erraza izango”. Edozelan ere, bertaratzen direnak “etxean legez” sentiaraztea eta ahalik eta aho zapore gozoenagaz geratzea espero dute: “Metalzaleentzako gau oso berezia izan ohi da, tratua hurrekoa delako eta xehetasunak jagoten saiatzen garelako”. Dena dela, musika mota horretaz gozatzeko edota hura ezagutzeko gogoa duten denei “Astrara hurbiltzeko deialdia” luzatu diete.