Gabonetako postal lehiaketan parte hartzeko epea, zabalik
Mundakako Udalak II. Gabonetako postal lehiaketarako izen ematea zabaldu du, herriko eskolako ikasleei edota herrian erroldaturiko umeei zuzenduta.
Udalak antolatuta, II. Gabonetako postal lehiaketa egingo dute Mundakan. Udalerrian erroldatuta dauden umeei edota eskolan ikasten dabiltzanei zuzenduta dago postal txapelketa, eta izen ematea zabalik dago honezkero, hilaren 24ra bitartean. Lehiaketako postal irabazleak Gabon sasoian herritarrak zoriontzeko baliatuko dituzte. Parte hartzaileek postaleko irudia beren kabuz egin beharko dute, eta gaia Gabonak eurak izango dira. Parte hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko duela aurreratu dute antolatzaileek. Gabon aroagaz erlazionatutako tematika eduki beharko dute irudiek: neguko koloreak, hotza eta berotasuna, itsasoa, sutondoa, elurra, familia giroa, euskal giroa, eta abar.
Irudiek ez dute testuz lagunduta joan beharko, baina horretarako aukera ere egongo da. Testua, zentzu horretan, nahitaez euskaraz idatzitakoa izan beharko da. Postalak egiteko edozein material baliatu ahal izango den arren, 15cm x 15cm-ko neurria eduki beharko dute. Lanak gutunazal handi baten barruan aurkeztu beharko dituztela azaldu dute, ta barruan, postalagaz batera, egilearen izen-abizenak, adina, telefono zenbakia eta helbidea dakartzan beste gutunazal txikiago bat aurkeztu beharko da. Bost kategoria egongo dira A (HH4-HH5), B (LH1-LH3), C (LH4-LH6), D (DBH1-DBH2) eta E (DBH3-DBH4). Aipatutako gutunazal handiaren kanpoaldean, bestalde, kategoria idatzi beharko da.
Abenduaren 3an banatuko dituzte sariak, eta aurkeztutako lan denak udal liburutegian ikusi ahalko dira, abenduaren 1etik 23ra artean
Aurkezteko bideak. Lanak bai udaletxean, bai udal liburutegian aurkeztu ahalko dira, aipatutako epemuga orduko. Epaimahaia alkateak, udal gobernuan osatzen duten alderdietako ordezkari banak eta udal langile batek osatuko dute. Beraiek erabakiko dute kategoria bakoitzeko garailea zein den, eta euren erabakia behin betikoa izango da. Kategoria bakoitzeko irabazleak, sari legez, 50 euroko baliodun truke txartela poltsikoratuko du, euskarazko kultur produktuak erosteko. Gainontzeko parte hartzaileek ere “oparitxo bat” jasoko dutela adierazi dute udaletik. Sari emate ekitaldiari dagokionez, Euskararen Eguneko egitarauaren barruan egingo dute, abenduaren 3an. Horrez gain, abenduaren 1etik 23ra bitartean, aurkeztutako lan guztiak udal liburutegian aurkeztuko dituzte.