Garraio zerbitzu publikoa "handitzeko eta hobetzeko" proposamena egingo diote aldundiari
Busturialdeko eskumaldeko 11 udalerritako alkateak batu egin dira, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Saileko diputatuagaz bildu aurretik euren udalerrietako garraio publikoari buruzko beharrak aztertzeko eta bateratzeko.
Ajangizko, Arratzuko, Eako, Elantxobeko, Ereñoko, Gautegiz Arteagako, Ibarrangeluko, Kortezubiko, Mendatako, Nabarnizko eta Sukarrietako alkateek lan bilera egin zuten barikuan, euren udalerriek garraio publikoarekiko dituzten beharrak aztertu eta bateratzeko. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio saileko diputatuagaz batuko dira hilabete amaieran, euren udalerrietako garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko mugikortasun plana aurkezteko.
Udalerri horietako bakoitzak bere arazo propioak ditu garraio publikoarekin, baina ezaugarri bateratu bat ere bai: garraio publikoaren zerbitzua ez da nahikoa. Gaur egungo zerbitzu publikoak ez die udalerri horietako biztanleen beharrei erantzuten, eta udalerrietako alkateek, elkarlanean jokatuta, udalerrietatik igarotzen den zerbitzu publikoa «egokia» izatea bilatu gura dute, “mugikortasuna bizi kalitatearen faktore garrantzitsua delako”. Hain zuzen ere, herri txikietako udalen funtsezko helburua da “biztanleria mantentzea eta sendotzea”, eta mugikortasuna faktore “erabakigarria” da horretarako.
Izan ere, ordutegi maiztasun egokiak “funtsezkoak” dira herritarren mugikortasun beharrei erantzuteko. “Eskuinaldeko udalerrietako askotan ez dago asteburuetako zerbitzua, eta autobusen ibilbideetatik urrun gelditzen diren auzoei neurri bereziak eskaintzen dizkiegu, ahal den neurrian”, azaldu dute. Udan, gainera, zerbitzuak bete egiten direla ere adierazi dute, puntako orduetan hondartzetako zerbitzu bereziak osorik betetzen direlako jatorrizko geltokietan: “Tartean dauden herrietan jende asko zerbitzu barik gelditzen da”.
Horrez gain, mugikortasun jasangarria sustatu gura dute Busturialdeko eskuinaldeko herrietan, eta “ibilgailu pribatuaren” erabilera mugatu gura dute eguneroko bizitzan. “Herritar askorentzat autoa ezinbestekoa da mugitzeko, baina gure herrien etorkizuna hobetu gura dugu, eta gure seme-alabek, eta herriko gazte zein nagusiek garraio publikoan bidaiatzeko aukera izatea gura dugu. Autoagaz joan-etorri asko egin beharrean, ikastetxeetara, ospitalera edota funtsezko beste zerbitzu batzuetara garraio publikoan joan ahal izatea eskaini gura diegu”, argudiatu dute 11 udalerrietako udal ordezkariek, Bizkaiko Foru Aldundiagaz lankidetzan konponbideak bilatzeko asmoz.
Izan ere, ibilgailu pribatuak gutxituz, karbono aztarna gutxitzea bilatu gura dute, baita klima aldaketa geldiaraztea ere. “Turismo jasangarriaren garapenaren esparruan, beharrezkoa da garraio publikoa garatzea naturguneetara iristeko, horiek babesteko eta auto pilaketak ez sortzeko azpiegiturarik ez duten auzo eta herrietan”. Udal ordezkariak “ziur” daude aldundiko ordezkariek modu positiboan erantzungo dietela, “euren helburuak bat datozelako oraintsu aurkeztutako Bizkaia Denontzat Legealdiko Planaren garraio publikoa garatzeko 2027 Estrategiagaz”.