Osasun zentroko birgaitze lanek zerbitzuak kiroldegira lekualdaraziko dituzte
Gaur [azaroak 13] hasi dituzte Mundakako osasun etxeko obrak eta, ondorioz, osasunagaz lotutako zerbitzuak Isla Kale kiroldegian emango dituzte.
Mundakako Udalak aditzera eman duenaren arabera, herriko osasun zentroan birgaitze obrak gaur [azaroak 13] ipini dituzte abian. Lan horiek “berebiziko garrantzia” edukiko dutela adierazi dute udaletik, eta mundakar guztiei “kalitatezko arreta medikoa” ematea edukiko dute helburu nagusi. Egoitza medikoa eraberritzeko eta birgaitzeko, 373.460 euroko inbertsioa egin du udalak; kopuru horretatik, Eusko Jaurlaritzaren 28.000 euroko dirulaguntza jaso du. Egin dituzten aurreikuspenen arabera, 8-10 hilabete inguruko iraupena edukiko dute obrek. Birgaitzeagaz, egungo azalera bera edukiko du eremu berriak, Osakidetzak ezarritako zehaztapenak betetzen dituen kontsultategi “modernoago eta ekipatuago baten egokitzapen guztiekin”.
Lanak amaitu bitartean, Isla Kale kiroldegira pasatu dituzte osasun etxeko zerbitzu guztiak. Gaur egun arte aterpe modura erabilitako udal kiroldegiaren eremu bat atondu dute, udalerriko instalazio medikoak behin-behinean har ditzan. Edozelan ere, udal gobernu taldetik argitu dute osasun zerbitzuek “irisgarriak eta eraginkorrak” izaten jarraituko dutela espazio berri horretan ere.
Sorne Rubio Arano: “Beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu eragozpenak murrizteko eta osasun zerbitzuak inongo eten barik bermatzeko”
Sorne Rubio Arano Mundakako alkateak adierazi du proiektuak “nabarmen” indartuko duela herriko mediku arretaren azpiegitura, baita udalerriko egoiliarren ongizatea nahiz osasuna bermatuta egon dadin “pisu esanguratsua” edukiko duela. Era berean, trantsizio aldi honetan, mundakarrek “kalitatezko arreta berbera” jasoko dutela azaldu du: “Egungo osasun zentroan behar egiten duten profesionalek arreta berbera ematen jarraituko dute”. Horrez gain, alkateak “eskerrik beroenak” eman gura izan dizkie herritarrei, aldaketaren inguruan erakutsitako “ulermenagatik eta lankidetzagatik”: “Beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu eragozpenak murrizteko eta osasun zerbitzuak inongo eten barik bermatzeko”.