Anaiak harategia txapeldun Bermeoko odoloste txapelketan
Sanmartinak ospatu dituzte asteburuan Bermeo, Forua eta Gautegiz Arteagan. Bermeon, ohiko legez, odoloste txapelketa ospatu dute
San Martin Jaiak ospatu dituzte asteburuan eskualdeko hainbat herritan, eta horietan nekazal azokak eta txerrikiak nagusitu dira. Odolostea izan zen eguneko protagonista atzo [azaroak 12] Bermeon; XX. Odoloste Txapelketa egon zen jokoan. Aurreko egunetan antolatzaileak eguraldiari begira agertu baziren ere, eguraldi onak eta eguzkiak kaleak jendez betetzea ahalbideratu zuten.
Guztira, hogeita hiru odoloste aurkeztu zituzten odoloste txapelketara. Sari nagusia Bermeoko Anaiak harategiariarentzat izan zen. Bigarren saria Gernikako Jesus Mari Martija Bilbao harategiko odolosteek eskuratu zuten, eta hirugarrena, bestalde, Bermeoko Baserri harategiak. Sanmartinetako azokako posturik onenaren saria Landabaso harategiak jaso zuen.
Azokak jendez lepo. Foruan asteburu osoan zehar ospatu dituzte sanmartinak. Zapatuan herri kirolak izan ziren nagusi, eta atzo, berriz, nekazal azoka. Foruan, Bermeon bezala, askotariko produktuak egon ziren aukeran nekazal azokan: txerrikiak, ortuariak, txakolina, eztia, ogia… Urdaibai Dantza Taldearen erakustaldiagaz ere gozatu zuten. Eguraldi ona lagun, jendetza bildu zen azoketan. Modu horretara, taloa eta bestelakoak dastatu ahal izateko jende ilarak sortu ziren bi herrietan.
Gautegiz Arteagan ere ospatu zituzten San Martin jaiak. Kanalako izen bereko baselizan elkartu ziren eguerdian, eta ostean gerturatutakoek hamaiketakoan bildu ziren.