Gaztainak biltzera atera dira nabarniztarrak
Nabarnizko basoetan “beti” egon eta bildu izan diren produktuak dira gaztainak, elikagai “bikainak”. Eta gaztainak basoan biltzeak naturarekiko harremana estutzea eta euskal ohituren jarraipena uztartzea dakarrela helburu hartuta, horiek biltzera atera ziren nabarniztar gaztetxoenak urriaren 28ko Gaztaina Biltze egunean.
Irteeran 4 eta 1 urte bitarteko 20 ume inguruk parte hartu zuten, gurasoetako batzuk lagun zituztela. Bost kilometro inguruko mendi ibilbide zirkularra osatu zuten baso bide ertzeko gaztainak “giro ederrean” bilduz. Gero, batutako horiek Perratoki txokoan erre zituzten, danborilean. “Bi danborilkadatik gora gaztaina bildu genituen. Gaztaina txiki baina gozoak. Eta, ostean, denon artean eta herrian zehar zebiltzan guztien artean banatu genituen”, adierazi dute udal arduradunek.
Gaztainak janda, kalabazak marrazteko tailerra ere egin zuten, eta Atarren eta Zabalintxaurreta baserrietako 30 kalbaza baino gehiago erabili zituztela zehaztu dute: “Gurasoen elkarlanari esker, kalabaza beldurgarri asko egin ziren. Eskertzekoa da guraso, aitite-amonen elkarlana, horri esker arratsalde bikainaz gozatu genuelako”.