Urtaroen argazkiz beteko dute 2024ko egutegia muxikarrek
2024ko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa martxan dago. Urtaroak erretratatu beharko dituzte muxikarrek, eta azaraoren 14ra arteko epea dute Muxikan, Gorozikan eta Ibarrurin ateratako argazkiak aurkezteko.
Martxan dago Muxika, Gorozika eta Ibarruriko argazki lehiaketa. Aurten, urtaroak erretratatu beharko dituzte bizilagunek, azaroaren 14a [martitzena] aurretik.
Parte hartzaileek bi kategoriatan banatuta parte hartuko dute: 16 urtera artekoak eta 16 urtetik gorakoak. Bakoitzak gehienez sei argazki aurkeztu ahalko ditu, edozein teknika eta koloretan. Hori bai, JPG formatuan eta ahalik eta kalitate handienean aurkezteko eskatu dute.
Parte hartu gura dutenek Zubieta Errotako liburutegian utzi beharko dituzte argazkiak, USB batean eroanda, edota liburutegia@muxikakoudala.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte. Argazkiak aurkezterakoan, egilearen izen-abizenak eta harremanetarako datuak jarri beharko dituzte parte hartzaileek, baita argazkia noiz eta non ateratakoa den ere; Muxika, Ibarruri eta Gorozikan ateratakoak izan behar dira.
Sariak.
Argazki lehiaketaren sariak kategorien araberakoak izango dira. Nagusien lehiaketan hiru sari banatuko dituzte: lehiaketako argazki onena, lehiaketako bilduma onena eta muxikarren argazki onena. Irabazleek bi lagunentzako bisita gidatua jasoko dute saritzat, Ibarruriko Magunako Lapazaran upategian txakolin eta pintxo ezberdinen dastaketagaz.
Gaztetxoen artean, aldiz, argazki onenaren sari bakarra banatuko dute, eta, irabazleak argazkilaritzako materiala erosteko 100 euroko txartela lortuko du.
Zehaztu dutenez, jasoko dituzten argazkiak Muxikako argazki artxiboaren parte izango dira: “Lehiaketara aurkeztutako lanak Muxikako Udalaren eskuetan geratuko dira, eta berak iznago ditu eskubide guztiak, betiere egilearen izen-abizenak aipatuz”.
Izan ere, argazki horiekin osatuko dute 2024ko egutegia, egilearen izena eta abizenak aipatuz, eta, horrez gain, jasotako argazki guztiekin erakusketa jarriko dute Zubieta Errotako aretoan.