Urdaibaiko sorginen "ezkutuko" memoria, argitara
Gernika Antzerki Taldeak lehen lerrora eroan du Urdaibaiko sorginen bizipena, eta erantzun bikaina izan du antzerkiak: 320 eta 250 ikusle bertaratu ziren zapatuan eta domekan, hurrenez hurren. "Harrera ona izan du, eta Gernikako herriari historiako pasarte erabat ezezagunari buruzko informazioa eskaini diogu".
XVII. mendean sorginkeriaz akusatu zituzten hainbat eta hainbat emakume Busturialdean. “Ezezaguna” zen eskualdeko pasartea orain arte, baina Gernika Antzerki Taldeak lehen lerrora eroan du Urdaibaiko sorginak izeneko antzerkian. Erantzun “bikaina” izan du obrak, zapatuan [azaroak 4] eta domekan [azaroak 5] jendetza batu zelako Lizeo Antzokian, 320 eta 250 ikusle, hurrenez hurren. “Harrera ona izan du, eta Gernikako herriari historiako pasarte erabat ezezagunari buruzko informazioa eskaini diogu, modu ludiko batean”, adierazi du Vicente del Palacio antzezlanaren zuzendariak.
Dioenez, zorion berba asko jaso dituzte asteburuan, Lizeo Antzokia ia betetzea lortu baitute bi egunetan. “Udalerrian antzerkiarekiko dagoen zaletasuna txikia da, eta guk aretoa ia-ia betetzea lortu dugu”, azaldu du zuzendariak. Gainera, herritarrek eskualdeko sorginen gaia “harriduraz” jaso dutela adierazi du: “Ez zekitez ezer horri buruz. Ezustekoa izan da ikusleentzat, oso harrituta geratu dira gaiarekin. Gidoiaren garapena ere gustatu zaiela esango nuke”. Ikusleek aipatutako zenbait eszena nabarmendu ditu del Palaciok, Akelarrea eta Oka ibaiaren ondoan egindako kobazuloari buruzkoak.
Aktoreek ere, “lan ona” egindako sentipenagaz amaitu zuten antzezlana. “Oso pozik” daudela dio zuzendariak, eurek egindako lana azpimarratuz: “Bi orduko emanaldian dena eman zuten, eta oso pozik gaude denok”.
Momentuz ez dute obra antzezteko beste leku edo egunik zehaztu, “oso konplexua” delako. “Atrezzo handia dugu, eta aktore asko gara. Beste leku batzuetan antzezlana erakusteko eskaerak egin zizkiguten herritarrek, baina ikusiko dugu”, azaldu du del Palaciok.
Horrez gain, antzezlanean era batera edo bestera parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie: “Eskerrik asko antzezlanean parte hartzeagatik eta laguntzeagatik”.
Argazkiak: Txebi Arriaga.