Urdaibaiko sorginen lekukotza
Gernika Antzerki Taldeak ‘Las brujas de Urdaibai’ antzerkia antzeztuko du Lizeo Antzokian asteburuan. Bi ordutan, historiako pasadizo ezezaguna kontatuko dute. Izan ere, 1616ko abuztuaren 15 eta 16an, bi inkisizio prozesu izan ziren eskualdean.

Katalina de Elantxobe, Marina de Gondra edota Domeka de Etxebarria dira XVII. mendean sorginkeriaz akusatu zituzten Busturialdeko ehundik gorako emakumeetako batzuk. Eskualdeko historiaren pasarte hori “oharkabean” pasatu da orain arte, baina Gernika Antzerki Taldeak memoria ariketa egin eta eskualdean gertatutakoa erakutsiko du Urdaibaiko sorginak izeneko antzerkian; zapatuan eta domekan estreinatuko dute, 19:00etan, Lizeo Antzokian.
Europan sorginek jasaten zuten jazarpenaren olatuari buruzko gertakari “erreal eta dokumentatuetan” oinarritutako antzezlana da sortu berri dutena, duela 400 urte baino gehiago Busturialdean gertatu zena kontatzen duena. Vicente del Palacio zuzendariak dio obraren helburua dela “jendeari jakinaraztea” imajinario herrikoian zeuden sorginkeriari buruzko sinismenek zelako “mina” egin zieten horretaz akusatutako emakumeei. Izan ere, Busturialdean, 1616ko abuztuaren 15 eta 16an, sorginkeria egotzitako bi inkisizio prozesu izan ziren: bat, Bermeon, eta bestea Sukarrieta, Ereño, Gautegiz Arteaga eta Ibarrangeluko elizateet an. Bi dokumentu horietan oinarrituta, 6 eta 80 urte bitarteko 36 aktorek historian gertatutakoa erakutsiko dute taulagainean, sorginkeria leporatuta emakume haiek sufritu behar izan zituzten miseriak kontatuz.
“Euskal Herrian ezagunak dira Zugarramurdiko sorginak, Durangokoak ere bai, baina baita Hondarribikoak, Zeberiokoak edota Zeanurikoak ere. Sorginkeria kasuak Europa osoan egon ziren”, dio Del Palaciok. Busturialdeko bi prozesuak Eva Bernal historialariak ikerketu zituen 2013an, eta horien berri izanda, eskualdearen historiako pasarte hori zabaltzea erabaki dute antzerki taldekoek.
Zuzendariak azaldu du, garai hartan, sorginkeriari buruzko edozein zurrumurru “nahikoa” zela kasua ikertzeko: “Inkisizio prozesuetan, sorginkeria kasuren bati buruzko zurrumurruren bat egonez gero, herriko alkateak inkisizioa agintzen zuen hori ikertzeko”. Hain zuzen ere, hori gertatu zen Busturialdean, eta 1616ko abuztuaren 15ean eta 16an testigantzak jaso zituzten, lehenengo egunean Bermeon, eta bigarrenean Gernika-Lumon.
Dokumentuen arabera, Bermeoko epaiketetan 70 edo 80 pertsona inguru kondenatu zituzten eta beste herrietan, 60 inguru: “Hainbat eta hainbat izan ziren kondenatuak, sorginkeriaz salatu eta epaitu ondoren”. Salaketa horietako asko “inbidian” oinarritzen zirela dio zuzendariak: “Emakume bat sendalaria izanez gero, edota zerbait berezia egiten nabarmenduz gero, sorginkeria leporatzen zioten. Izan ere, inkisizioak ailegatu, epaitu eta zigortu egiten zituen. Askotan sorginak ez zirela frogatu behar izaten zuten, eta ia ezinezkoa zen hori egitea. Zigortu egiten zituzten, sorginak zirela onartzeraino”..
Busturialdeko bi inkisizio prozesuak garatzen ari zirela, Alonso de Salazar Frias inkisidorea sorginkeriari buruzko ikerketa bat egiten ari zen. “Sorginkeriari buruzko epaiak ez sinistekoak zirela aitzaki hartuta, sorginkeriaz akusatutako 1.800 emakumeren testigantzak jaso zituen, batez ere Nafarroa aldean, izan ere, uste zuen akusazio horiek ez zutela zentzurik. Sorginak ez zirela existitzen ondorioztatu zuen azkenean”, azaldu du antzerkiko zuzendariak. Hala, Alonso de Salazar Frias inkisidoreak esandako esaldia gogoratu du: “‘Sorginak existitzen dira haiei buruz hitz egiten den bitartean; haiei buruz hitz egiteari uzten zaionean, desagertu egingo dira’. Esaldi hori esan zuen inkisidoreak, eta inkisizioak ontzat eman zuten haren teoria”. Hori dela eta, ediktuen bidez, sorginak barkatzen hasi zirela gogoratu du, eta nabarmendu du garai hori egokitu zitzaiela Busturialdekoei. Barkatu egin zituzten eskualdean sorginkeriaz zigortutako guztiak, nahiz eta epaiketetan heriotz zigorrak ezarri zizkieten. “Garaiz iritsi zen ediktua”.
Gertaera horiek guztiak dira antzerkian erakutsiko dituztenak, artxibo historikoan dauden dokumentuetan oinarrituta. Aldi berean, baina, antzerkiak mezu bat helarazi gura duela azpimarratu du zuzendariak, “emakume horiei entzungor” egin zaiela dioen mezu bat: “Gure ustez, gertakari horiek gertatu ziren udaletan aitortu egin beharko litzateke emakume horiek jasan zuten guztia”.