Urtero legez, metalari fidel
300 metalzale inguru batu ditu Halloween Metal Fest jaialdiak Bermeoko Kafe Antzokian.
Bermeoko eta inguruko metalzaleek ez dute hutsik egiten, Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen Halloween Metal Fest jaialdiagaz fidelak dira, eta, jaialdiaren hamabosgarren urteurrenean ere Bermeoko Kafe Antzokia bete zuten, zapatuan [azaroak 4].
Arazo tekniko batzuengatik, Halloween Metal Festa aurreikusita zegoena baino apur bat beranduago hasi zela aipatu dute antolatzaileek, baina, hori kenduta jaialdia “oso ondo” joan zela diote, “oso pozik” daudela gaineratuta. 300 metalzale inguru batu ziren Bermeoko Kafe Antzokian.
Bermeon dagoeneko ezagunak diren Vita Imana taldeaz gain, talde berriak egon ziren Kafe Antzokiko agertokian. Hala, aurten, euskal metala ekarri dute Asgarth taldekoek, eta Huelvatik (Andaluzia, Espainia) ere iritsi ziren Bolu2 Death taldekoak. Jaialdia Empire Of Disease bilbotarrekin hasi zen.
Halloween Metal Fest jaialdiaren eraginez, Bermeoko Alde Zaharrean egon zen “giro ederra” nabarmendu dute: “Asko izan dira, gainera, kanpotik etorri eta Bermeon lo egitera geratu direnak. Asteburu pasa egin dute askok”.
Orain, datorren urteko jaialdia antolatzen hasi aurretik, atsedenerako tarte bat hartuko dute, “indarrak hartzeko”. Ohi legez, hurrengoetan ere jendea “harritzen” saiatuko direla azaldu dute, “musika proposamen berriak ekarrita”. Eta, hori bai, burua jarrita daukatela diote, aurten otsailaren 17an izango den Vade Retro Party-an; “horretan buru-belarri sartuta gaude orain”.