Puntu jariodun garaipena
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 26-36 irabazi dio Gaztedi Rugby Taldeari, baina ez du lortu erasoko puntu bateko bonus-a poltsikoratzea. Taldetik, garaipenaren irakurketa "gazi-gozoa" egin dute.
Goi mailako errugbian, garaipena sarri ez da nahikoa izaten. Hain zuzen ere, horixe pasatu zitzaion domekan [azaroak 5] Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeari, Gamarran, Gaztedi Rugby Taldearen aurkako norgehiagokan. 26-36ko markagailuagaz gailendu arren, partiduaren azkenengo txanpan erasoko puntu bonus-a galdu zuten basurdeek, beraien akats bat tarteko. Bonus horren galderagaz, bost puntu posibletik lau poltsikoratu zituzten gernika-lumotarrek.
Urbietakoek sendo, lehiakor eta nagusitasunez ekin zioten Ohorezko B Mailako liga erregularreko hamaikagarren jardunaldiari. Aurrez aurre zuten arerioa urte hasieran zuzeneko aurkari legez ulertutakoetako bat zen, Gaztedi gazteiztarrak, eta oso garrantzitsua zen, beraz, hasieratik serio jokatzea. Aurretiaz planteatutako estrategia ederto eroan zuten basurdeek zelaira: 10 minututan, 0-15ekoa ezarri zuten. Minutu horretatik aurrera, baina, hasierako plana “albo batera” utzi zuten, eta bakoitzak “bere gerra propioa” hasi zuen. Ondorioz, gasteiztarrek urrats bat aurrera egin zuten partiduan, eta 7-15ekoagaz amaitu zuten lehen zatia. Gorka Argul Gernika RTko entrenatzaileak azaldu du lehen zati hartan arabarrak hutsean uzteko gai izan beharko liratekeela, baina euren akatsengatik hurreratu zitzaizkiela markagailuan: “Arnasa hartzen utzi genien; geure hankasartzea izan zen”.
Aldageletatik bueltan, atzera heldu zioten hastapeneko planteamenduari, eta modu kolektiboagoan jokatu zuten. “Garaipena une batean ere ez zen arriskuan egon; bai, ostera, erasoko bonus-a. Faktore horri ihes egiten utzi genion, oso beharrezko dugula ahaztuta”. Hain zuzen ere, amaierarako berrogei segundo falta zirela, norgehiagokako unerik adierazgarriena iritsi zen: gernika-lumotarren “heldutasun akatsa”. Argulek “heldutasuna eta azti ibiltzea” falta izan zitzaiela azaldu du: “Partidua kontrolpean eta amaitzeko zorian egonik, kontrol egoera bat sortzea besterik ez zen behar, eta ostean baloia kanpora jaurtitzea. Horren ordez, jokatu eta jokatu egin gura izan genuen; aurkariari zigor jaurtiketa bat egokitu zitzaion, eta entsegua lortu zuen, guri bonus-a kenduz. Oro har, kontzentrazio arazoa izan zen; 80 minutuetan non gauden, partidua zein puntutan dagoen eta zelan jokatzea interesatzen zaigun jakin behar dugu. Gasteizen, ez genuen horretan asmatu”.
Gorka Argul: “Hernaniren aurka garaipena lortzea urrats erraldoia egitea litzateke”
Final baten esperoan. 26-36koagaz nagusituta eta lau puntu poltsikoratuta, Gernika RTk 17 puntu ditu egun; seigarrena da sailkapenean, eta aurretik Gaztedi bera du, 19 puntugaz. Datorren asteburuan ez dute partidurik jokatuko baina hurrengoan, aldiz, “final bat” edukiko dute Urbietan. Hilaren 19an, 16:00etan, egun lidertzan dagoen taldea, Hernani, edukiko dute aurrez aurre. Argulek azaldu du, azken partiduetan bonus-ak lortu ez arren, Hernaniren aurka irabaztea “urrats erraldoia egitea” litzatekeela: “Eurek ez dute partidurik galdu, eta guk, berriz, bakarra; beraz, egoera asko orekatuko luke garaipenak”. Hernani, Getxo, Zarautz eta Bilbo izango dira basurdeen zuzeneko aurkariak, eliteko multzora sailkatzeko bidean. Hortaz, gipuzkoarrei irabaztea “giltzarri” izan daiteke. Horretarako, baina, garaipenak ez dira nahikoa izango. Irabazten jarraitzeaz gain, bonus-en puntu jarioa eten beharko dute, onenen erritmoari eutsiko badiote.